Hala ere, beti iruditu zaizkit xelebre samarrak iraganaren mitifikazioak, eta historian zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta arrotzago bihurtu zaizkit. Uste dut, gainera, itxaropen txikiko garaietan direla erabiliak iraganeko gertakarien inguruko kondaira epikoak. Nolabait, gaurkotasun zatarretik ihes egiteko lobelarra dirudite gehiago, oroimen ariketa baino.
Horregatik, aspaldiko erresumen inguruko nostalgia politikoak apur bat kezkatzen nau. Historian gaurkoak bezalako erronkak inoiz ez ditugu izan: kapitalismoaren gainbehera, suntsipen ekologikoa, hirugarren mundu gerraren itzala, Euskal Herriaren gainbehera politikoa… eta soilik gazteria kementsua buru duen proiektu batek erantzun diezaieke, paradigma aldaketarako abagune historikoaren hasieran gaudelako, eta ezin garelako geratu Ertaroko aurri erromantikoei begira, gure aurriak izan arren.