Dagoeneko Txina ez da gauza merkeak ekoizten dituen herrialde pobrea, Errusiak bere eragin esparrua eskatzen du Amerikan, Afrikan, Asian; Iranek ez dio uko egiten bere buruzagitza islamiko eta pertsiarrari…
Bitartean, planeta osoa basez eta armamentu nuklearrez josita daukaten AEBek eta NATOk, boterea mantendu nahian, harrokeriaz mugitzen dituzte euren armadak gainerako blokeen mugetan, mundua eurena delakoan, jokoan lehiakide gehiago daudela ulertu ezinik, botoi nuklearrekin jolasean.
Bai, 1914. urtea dakarkigu gogora inperioen joko berri honek. Nahikoa da txarto kalkulatutako eskalada bat… eta agur Ben Hur. Batek daki oraingoan Versaillesen ezer sinatzeko norbait geratuko den, edo burrunbada belizistaren gainetik munduko langileen arteko senidetasunaz hitz egingo duten Vladimir Lenin eta Rosa Luxemburg berriak agertuko diren.