Eta etxean geratu gara, eta guztia geldi dagoela dirudi, kale hutsetan. Geldiune bat egin eta gure pentsamendua ordenatzeko garaia izan liteke hau... baina gelditu ez dena da ohiko sasiinformazio saturazioa, zeharo alferrikakoa, egoera historiko honetako inplikazio eta ondorioen irakurketa sakonak egiteko.
Gure pentsamendua ere gatibu baitago gurekin, mezu hegemonikoek gure adimenerako prestatu duten etxetxo itogarrian. Aprobetxa dezagun, bada, etxetxotik irteteko; mezu hegemonikoetatik kanpo dauden analisiak irakurtzeko, entzuteko, ikusteko. Kapitalismo honen gainbehera garaian pentsamendua askatu eta formatu behar dugu eta, norantz joan jakiteko: politikan formatu, ekonomian formatu, herrigintzan formatu, borrokan formatu. Formazio guztiak beharko ditugu eta, datorrenaren aurrean.