Berak bakarrik barre egiten duen txantxa zahar horiekin? Ozen egiten du berba, komunikatzaile ona izaten da, eta ez du aukerarik galtzen botetik eskupekoa ateratzeko. Kuadrillako lotsagabea, finean. Badaukagu halakorik euskal kuadrilla politikoan ere, eta gure kuadrilla politikoko lotsagabe horrek egin ohi duen broma tipiko bat hartuko dut hizpide. Hainbestetan entzun dugu, ez gara ohartzen adarra jotzen ari zaigu.
Ea igartzen duzuen zein den: Parisekin eta Madrilekin konexioa izan behar zuen zerbait da; milaka kamioi errepideetatik aterako ditu; 2016rako amaituta egongo da; paisaian edukiko duen inpaktua hutsala izango da; urtero ehunka milioi euro publiko irentsi arren, inbertsioa izango da, eta denok pozarren egongo gara amaitutakoan, 2016an. Gogoratzen broma zahar horren izena? Gogoratzen nork jarraitzen duen kontatzen txiste hori, bizkarrean kolpeak ematen dizkigun artean? Kar, kar! Konturatzen gara, txiste txar guztietan bezala, kontatzen duena bakarrik ari dela barrezka?