Garbitasuna ala mozala?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Zugasti 2016ko eka. 24a, 00:00

Beti esan izan da etika eta estetika hurbil daudela; askotan, etikoa dena, besteen aurrean egitea ederra dena da; edo batzuentzat polita dena, ona bihurtzen da, eta beraz derrigorrezkoa.

Aitor dezagun hori horrela izan ohi dela, horrela funtzionatzen dugulako, baina hari horretatik tiraka noraino heldu gaitezkeen pentsatzeak kezkatu egiten nau; irudiaren eta azaleko pentsamendu bigunaren garai hauetan, batzuen balio estetikoek objektiboki garrantzitsuagoak diren eskubide eta lorpen sozialak estali ditzaketelako.

Ez ote da hori gertatzen Arrasaten? Noiz bihurtu dira hormetako aldarrikapen politikoak zikinak? Noiz bihurtu da onargarria kalean aldarrikapen politiko bat agintarien baimenik gabe banatzeak edo zabaltzeak isun bat ekartzea? Ustelkeriaz, inposizioz naturaren aurkako astakeriez... gainezka gauden honetan, hormen balizko txukuntasunaren izenean kendu eta zigortu egingo ditugu torturaren aurkako muralak, euskararen aldeko pankartak, langabezian geratzekotan dauden langileen esku-orriak, 1.000.000.000 euroko errauskailuaren aurkako kartelak?

Milioika dira kritikarako eskubidea librea izan dadin kartzelan, poliziaren gela ilunetan edo bide bazterrean bukatu dutenak, mundu osoan. Ez gaitezen hasi orain gu, itxuraren izenean, mila bider gorago dauden eskubide zibil eta politikoak ukatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak