Izan ere, Espainiako legeen aginduz udaletxean dagoenari eta noizbehinka epaitegian egoten denari Fraiskozuri plazakoa batu zaie. Lehenengo biek ohiko bi koloreak dauzkate; azkenak hiru.
Iraganeko gertaerak lausotu zaizkigu, batxilergoko historia liburuek hautsa hartu ahala eta iraganaren irakurketa erromantikoak ugaritu ahala (espainiar errepublika independentziaren eta iraultzaileen Arkadiaren ataritzat saltzen duten irakurketak). Baina datuak hor ditugu. Eta bakoitzak ematen dizkien ñabardurak gorabehera, burugogorrak dira.
Gogora ditzagun Azañaren hitzok: "Si esas gentes van a descuartizar a España prefiero a Franco. Con Franco ya nos entenderíamos nosotros". Edo Negrin-enak: "Antes de consentir a nacionalistas que nos lleven a desmembraciones que de ningún modo admito, cedería el paso a Franco". Gogora dezagun birritan ukatu zigutela autonomia euskaldunoi, gerrak onartzea beste aukerarik utzi ez zien arte. Gogora dezagun Errepublikak nola zapaldu zituen 1934ko Asturiasko meatzariak, Franco jenerala bidaliz... Gogora dezagun! Eta ez gaitezen hain inozoak izan; geure errepublika da behar duguna.