"Ez bazina hain urdanga, ez zintuzket jo beharko; baina zuk nahi izan duzu horrela gertatzea. Ez ei duzu gehiago nirekin egon nahi, zure erabakia dela diozu.... Baina nor uste duzu naizela?! Nire bizitzatik joan zaitezkeela uste duzu?! Bazterrean utz nazakezula, nazkagarria?! Nork nahi izango zaitu alboan? Begiratu zure buruari, inutila! Ni naiz jasan zaitzakeen bakarra! Zu babesteko behar nauzu eta, ate hori gurutzatzen baduzu, putatzar halakoa, kale gorrian geratuko zara, hotzak eta beldurrak niregana ekartzen zaituzten arte. Baina berandu izango da. Nondik aterako duzu dirua ni barik?! Nire lagunek ere bizkarra emango dizute, ze nik badauzkat lagunak, zuk ez bezala! Beraz, geratu hemen, esker txarrekoa; eta emadazu jaten, goseak nago eta. Geratu, nik bakarrik maite zaitudalako. Geratu eta ez zaitut askotan joko, merezi duzunean bakarrik. Eta ekarri janaria, hostia!".
Badirudi etxeko ugazaba berriro suminduta dabilela.
Batzuetan, euskaldunari gogoa sartzen zaio ondoko gelara joan, katalanari eskutik heldu eta biok etxe madarikatu horretatik alde egiteko...
Baina azkenean, kikilduta, zoritxarreko etxean geratzen da, ugazaba espainiarraren menpe, menderik mende.