... baina Kortaturen abesti bat aukeratu dut izenburutzat, burgesiaren esentziaren gaineko inoizko definizio onena jasotzen duelako: Ez duzu inoiz ezer ulertuko, zuretzat kalean gertatzen dena beti besteen arazoak dira!
Bada garaia gure herriko gehiengo isil eta zintzoa astintzeko! Politikaren zuztarrak aldarrikatzeko ordua da: konpromisoa, elkartasuna, askapena, oihua... Bukatu dira aitzakiak; kapitalismo light-arekin eta autonomia erosoarekin ederto eta deuntsu biziko ei ginateke gurean, itxuraz, bazterrak nahastu barik ibiliko bagina. Ez ba!
Langabezia gora doa, Espainiarekiko gatazkak badirau, atxiloketa eta mehatxu, aurreko 800 –ez 50– urteetan bezala... Eta gure Arkadiaren zutabe diren kooperatibei kezkaz begiratzen diegu, lehengo harrotasunaren ordez. Ez datoz, ez, inoizko garai onenak.
Zer dakigu? Zer espero dezakegu? Zer egin behar dugu? Horra Kanten hiru galderak.
Ez legoke soberan geure buruari horixe galdetuko bagenio uneotan. Antolatzeko eta herria eraikitzeko ordua da-eta. Ez pentsa geldi egonda zerua behintzat lortuko dugunik, Apokalipsian Jainkoak burgesari esan baitzion: "Epel zarelako eta ez bero ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu".