"Atez atekoa, errausketa, estetika, dirua, alderdiak..."

Erabiltzailearen aurpegia Josu Zugasti 2012ko eka. 24a, 02:00

Atez ateko zabor bilketaren inguruko gutunez bat baino gehiago gogait eginda...

... egongo dela jakin arren, hemen botako ditut hausnarketa batzuk, irakurri nahi dituenarentzat.

Bat: Bereziki aztoratzen nau garestia dela eta, EAJ zein PSOEkoek (besteak beste) jartzen dituzten eragozpenak. Hauen programa politikoan ondo puztuta zeukaten Pasaiako kanpoko portua edo AHT. Izan ere, bata bestetik 100 km-ra dauden hiru hiriburu lotzeko hain ingurune menditsuan eraikitako Euskal Y-aren aurrekontua (aurreikuspen hutsa, betiko desfaseak gerora gehituko zaizkio, jakina) 6.000.000.000 eurokoa da, kontuan hartu barik eguneroko mantenua eta Iruñearekin ipini nahi dioten lotura zentzubakoa, Aralarko mendilerroko natur babesgunean zehar. Bestalde, Pasaiako kanpoko portuaren kostu aurreikuspena 750.000.000 eurokoa zen (gehi mantenua), Bilboko portua 100 km. eskasera egonik, gainera. Hauei erantsi beharko litzaizkioke diruaren inguruko batere ardura barik planteatu diren proiektuak: Urdaibaiko bigarren Guggenheima eta AP-1 autobidearen Eibar-Gasteiz adarra. Horrez gain, errauskailuak 400.000.000 euroko kostua du eta, birziklatutako materiala ez bezala, bertako errauts toxikoak ezin dira merkaturatu. Eta errauskailuan gastatutakoa epe oso luzera errentagarri bihurtzeko, birziklapena igotzea saihestu behar da.

Bi: Estetikaren argudioak ez du oinarri etikorik. %70etik gora birziklatzea dakarren proiektu baten aurkako jarrera irizpide estetikoetan oinarritzea nazkagarria da. Ekologistak garela esango dugu gero, eta oso gaizki iruditzen zaigula Brasilgo oihanen bat moztea papera egiteko; baina geuk sortzen dugun kutsadura (geure ondare naturalaren etengabeko suntsiketa eta gure zaborraren masifikazioa, adibidez) denean murriztu beharrekoa, bururatzen zaigun argudioa "edukiontziak politagoak" direla (?!) da. Benetan, hau da EAJ, PSOE eta PPren maila politikoa?

Hiru-lau gauza dauzkate kontra, baina: Bruselak argi esan duela ez direla errauskailu gehiago eraiki behar, atez atekoa jarri den herrietan jendearen erantzuna gero eta hobea dela eta martxan hasi zenean baino gehiagok babesten duela. Lau urte barru, Gipuzkoa askoz garbiagoa denean (garbi hitzaren benetako esanahiarekin, garbi egoteak ez du esan nahi-eta zikinkeria alfonbra azpian gordetzea), gogoratuko ditugu alderdi batzuen argudio dekadenteak eta jarrera negargarria. Pazientzia.

--------------------

Josu Zugasti Juaristi

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak