... defendatzen dituzten ideien eredu izan behar dutela, gizarteko egoera aldatu nahi duten neurrian, haren aurretik joanez, baldin eta sinesgarritasuna lortu nahi badute herriaren aurrean.
Hau ez dut ikusten ondo betetzen denik Ezker Abertzalearen jarduera publikoan, behintzat euskararen alorrari dagokionez. Ikusten dudana da erdarazko bertsioa jotzen dela garrantzitsutzat. Prentsaurreko, elkarrizketa, aurkezpen, komunikatu edo dena delakoetan, gehiegitan euskararen eta erdararen "parekotasun" iruzurtia eskaintzen zaigu, batez ere nazio mailako bozeramaileen eskutik datozenean. Esate baterako, manifestazio baten bukaeran, edonon dela ere, eta mezua edozein dela ere, testu berbera (eta ez da bereziki laburra izaten) oso-osorik entzun behar izaten da hizkuntza bietan (euskaldunak gogaitzeak ez, baina erdaldun abertzaleei euskaldunekiko begirunea eta euskara ikasteko bultzada emateak bai kezkatzen gaitu). Eta bestela, euskara aurkezpen orokorretarako erabiltzen da eta mamia edo berritasuna erdaraz ematen da. Ez dugu sinesten euskara dela euskaldunon hizkuntza eta errazkerian gaude trabatuta.
Jar dezagun beste adibide bat: Info 7 Irratian (hona dakart berau Ezker Abertzaleko ideologiatik abiatutako komunikabide berriena delako), goizeko albistegi garrantzitsuenak eta prentsari emandako errepasoa erdara garbian dira. Non geratzen zaigu ausardia? ETB euskara hutsean sortu zenean egoera soziolinguistikoa zeharo okerragoa zen, eta apustu ausarta egin zen, nahiz eta gero erabat desitxuratu zaigun.
Garai berriotan ere, independentista bakoitzak independentzia egunero eraiki eta gauzatu behar duela esaten digutenek, helburu horren berme sendoenetarikoa hizkuntza eta kultura direla gogorarazten diguten bitartean, ez dute lotsarik aldarria erdara hutsean argitaratzeko, dela hitzaldi, artikulu edo hainbat elkarrizketatan.
Iruditzen zait, eta badakit ez naizela bakarra, Ezker Abertzaleak, bere osotasunean, euskararen aldeko borrokan aitzindari eta eredu izateko deia hobeto bereganatu behar duela eta bere lanean ikusgarriago eta ausartago jokatu behar duela. Apaltasunez eta eraikitzeko asmoz diot hau.