Alde batekoaz zein bestekoaz aise hitz egingo nuke, baina pereza izugarria ematen dit. Umorearen mugez hitz egingo nuke plazerez, baina pereza izugarria ematen dit. Txisteekin ofenditzen diren horientzako idatziko nuke gustuz, baina pereza izugarria ematen dit. Oro har ofendituta bizi diren horiekin ere hitz egingo nuke, baina pereza izugarria ematen dit. Zailtasun ulergaitzak jartzen dituztenen kontra ere idatziko nuke, baina pereza izugarria ematen dit. Sistemaren hutsuneez idaztekotan egon naiz, baina pereza izugarria eman dit. Kontrako hesian jarraituko dut, baina pereza izugarria ematen dit.
Pereza izugarria ematen didalako ez dut ezer esango eta beste batzuentzat utziko dugu hitza eta plaza. Komedia jardunaldi bat antolatu dugu eta ekainaren 2an eta 3an Oñati zerbaiten pizgarri izango da: bakarrizketak, mahai-ingurua, tertulia, ikuskizuna… denetik egongo da. Ez da barrea faltako! Ea horrela pereza ematen didan guztiari barre egiten diodan.