Azkenaldian, txikiari garrantzi handia ematen zaio. Transmisioan, adibidez: herritik mundura! Eta hala bedi. Formula hau gai askotan errepikatzen da: hezkuntzan, ekologian… Eta, gainera, ilusioa egiten digu halako kontuetan aitzindariak izateak. Baina badirudi formula horrek ez duela denerako balio; kulturarako, esaterako.
Gure herrian sinisten dute Udaletik ezin dela ezer egin sortzaileon, kulturgileon… lana balioan jartzeko. Egoera orokortu bat denez, "ezer gutxi egin dezake Udalak horren aurrean" –hemen kostatzen da aitzindari izatea–. Eta zein da, ba, Udaleko Kultur Departamentuaren bokazioa? Sortzen ez dena ez dago, garatzen ez dena galdu egiten da. Zer lortu nahi da Oñatin kulturarekin? Zein baldintzarekin? Zein da jarraitu beharreko plana?
Gu, prekarietatearen banderaz, baina buru-belarri ari gara lanean. Orain, beste batzuei dagokie euren bokazioaren erantzule izatea… Kulturari dagokion lekua ematea –eta uztea–.