Badakizue, pailazoak bere umore eta samurtasun kutsuarekin ukitzen eta lantzen ditu gaiak. Bere ezaugarrietako bat irreberentzia ere bada, baina beti intentzionalitate maltzur horretatik at. Pailazoak ez dauka intentzio txarrik. Eta saio batzuen amaieran jendea etorri zaigu esatera: "Ui… gai hau atera duzuenean jendeak ez du barrerik egin"; "Ez zait batere gustatu esan duzuena"; "Nik gai hori ez nuke kritikatuko" –boterea, euskara, feminismoa…–. Jendea txisteekin suminduta, aizue! Hori bada zerbaiten arrastoa…
Badirudi gai batzuk ezin direla ukitu. Eta hurrengo saioan gai horiek sartu edo ez pentsatzen duzu. XXI.ean zentsuradoreek ez dute lanik, sortzaileek eurek zentsuratzen dutelako beren burua, ur-handitan ez sartzeko edo. Eta horrela ari gara jendarte aske bat sortzen. Zentsuraz betetako jendarte aurrerakoi, guay eta kutrea. Umore askerik ezin badaiteke egin nekez izango dira herritarrak aske. Gaiz aldatuz... hasi berotzen… badator eta Korrika! Zure, gure eta denon erritmora!