Umeak edo gaztetxoak ginela, lehendabizi, Beinke ezagutu genuen, txaketadun eta txima luze; 80. hamarkadaren erdialdea-edo izango zen, oker ez baldin banabil. Gerora etorri zen Loramendiren sorreraren berri emango zuen kanpaina hura, Aretxabaletan haur bat jaiotzear dago, edo tankerako zerbait; gogoratzen al duzue? Bada, ordutik hona emankorra izan da Loramendiren jarduna, akaso, baita gorabeheratsua ere; batzuetan ondo egingo zen, beste batzuetan ez hainbeste. Betiere, euskalgintzan aritzeko bilgune eta topagune izan da, eskertu eta zoriontzekoa, dudarik gabe.
Azken hilabetean, zuzendaritzako kideek hainbat bazkide eta euskaltzale gonbidatu dituzte Loramendiren jardunaz hausnartzera, egin beharrez eta lehentasunez iritziak konpartitzera. Ordutik, gogotik ezin kendu eduki ditut bi ideia.
Batetik, bertan jaso zen Ttakun Euskara Elkarteko kide baten aipamena: "Paradoxikoki, presupuestotan gora gindoazen neurrian (Ttakun), bazkideetan behera gindoazen; bazegoen, hor, disfuntzio bat, zerbaitek huts egiten zuen... eta herrigintza zen hori".
Bestetik, Jon Sarasuak argitaratutako Hiztunpolisa liburuan irakurritakoa: "Herritarren gogo-aldarteari (emozionalitatea) antzematen asmatzea, berau pizten, baretzen edo indartzen jakitea, prozesu askoren erdia da".
Baliteke, hori ere, gure esku egotea.