Udaleko webguneak apirilaren 26an publikatutako albisteak jasotzen duen bezala, lanak ekainean ziren hastekoak eta lau hilabeteren buruan amaituta egotea zegoen aurreikusita. Bada, ez bata ez bestea, azkenean. Abuztuan jai, irailean egun gutxi batzuk lan eta urrian beste horrenbeste. Ez dakit zeintzuk diren atzerapenaren arrazoiak, obra esleitu zaion enpresarekin arazoak dauden edo bestelakorik ote dagoen tartean. Kontua da Maritxu Kajoi geroztik ez dela langilerik agertu bertan eta parkeak itxura penagarria duela, guztiz abandonatuta dago.
Polita da Udaletik jolasparkeak berritzeko ideia lehiaketak abian jarri eta jasotako proposamen politenak udaletxeko pleno aretoan antolatutako ekitaldi batean saritzea; politagoa, ordea, umeak alai eta pozik parkean gozatzen ikustea.
Biteri, Gorostiza, Munar eta Zaldibarko parkeak berrituta daude aspalditik, baina epe motzera ez dirudi Itxaropenan ziburu, salto-salto edo txirristarik ikusiko dugunik.
Non jolastuko dira inguruko umeak? Nolakoa izango litzateke Udalaren kudeaketa jolas-parkea herriaren erdigunean egongo balitz?
----------
Jokin Uribeetxeberria
Arrasate