Horrela, Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkos andreak "horrelako ekintzek bake prozesua oztopatzen" dutela azpimarratuz, bere babes osoa eskaini zien bi guardia zibilei. Ba al zekizkien, bada, gertakarien nondik norakoak? PNVko bere kideak ere ez ziren motz ibili, PPk Madrilgo Kongresuko mahai gainean jarritako adierazpena enpatxu handi gabe sinatuz. Bertan, "guardia zibilek jasandako segada arbuiatu eta ekintzarekiko gaitzespen irmoena" erakusten da. Gerora jakina denez, Guardia Zibilak berak txosten batean aitortu du ez zela egon segadarik Altsasun, nahiz eta fiskaltzak "terrorismo delitua" ikusten duen.
PNVren beso komunikatiboa den EITBk guardia zibil bat eta polizia nazional bat elkarrizketatu zituen, Euskal Herrian bizi duten mehatxu eta egoera latza azalduz. Guardia zibilak mehatxupean bizi al dira? Orain biktimak al dira indar okupatzaileak?
Urteetan zehar, Guardia Zibila izan da Euskal Herriko seme-alabak torturatu eta mehatxatu dituena inpunitate osoz. Azken kasua Altsasun gertaturikoa dugu. Bertako Ospa mugimenduak adierazi duenez, bi guardia zibilak, beraien bikotekideen konpainian, bertako herritarrak mehatxatzen eta probokatzen hasi ziren, "¡te voy a matar!" eta "¡te voy a meter un tiro entre ceja y ceja!" bezalako esaldiekin; bultzaka eta jarrera oldarkor batekin.
Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Altsasuko herritarrei eta atxilotuak izan diren bi lagunei. Ospa mugimenduak eta altsasuarrek bidelagun izango gaituzue borroka honetan, eta segi gogor eta tinko errepresioaren aurka lanean, indar okupatzaile guztiek Euskal Herritik alde egin arte!
Alde hemendik eta utzi bakean Euskal Herria! Utzi bakean Altsasu!
----------
Julen Aranburu eta Oier Fernandez
'Fan Hemendik' mugimenduaren izenean
Oñati