Kontraesanen ifrentzua

Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz zer edo zer dakitela diruditenek diote aldaketa garaiak direla hauek.

Urteetan garatu den mundua atzean uzten ari garela eta beste zerbait datorkigula. Litekeena da errealitatea gu ohartu eta egokitzeko astia izan baino azkarrago aldatzea, baina kontu batzuk bertsuak dira gizakia gizaki denetik.

Errua bestearena da beti... Guk ez ditugu horrelakoak egiten... Biktimak gara, inoiz ez borrero...

Turismoa eta joan-etorrien masifikazioa lehen mailako arazo bihurtu zaigu. Gehienok turismo horren aurka gaude, baina gu ateratzen garenean zer gara? Bidaiariak? Abenturazaleak? Bisitariak?

Ingurumenaren babesak eta kutsadurak eragiten dituzten aldaketek guztiok kezkatzen gaituzte, erabakiak eta konpromisoak eskatzen dizkiegu herritarrei, agintariei, gizarteari... Baina jakin arren autoa dela arazo horren eragile nagusietakoa, ez diogu uko egiten, ez dugu sekula premiazkoena erosotasunaren aurretik jartzen.

Zergak ezinbestekoak dira aukera berdintasuna eta ahulenen babesa izan ditzagun. Gizarte demokratikoen muina dira. Baina askok eta askok uste dute botereak egiten digun lapurreta dela... eta oraindik agintarien mehatxua derrigorrezkoa da ekarpen hori benetakoa izan dadin, guztiok jakin arren zerga sistema egokirik gabe ezinezkoa dela aberastasuna banatu, oinarrizko zerbitzuak ziurtatu eta gizarte orekatuagoa eraikitzea.

Zerrenda amaierarik gabekoa litzateke. Gure jardueraren, lanen eta eginbeharren egunerokotasunean, ustez pentsatu eta nahi dugunaren eta benetan egiten dugunaren arteko aldea izugarria da. Lasai samar bizitzeko, ezinbestekoa zaigu geure burua engainatzea, errealitatearen alde itsusienak ezkutatzea, baina, ziur aski, konponbideak lortzeko aldatu beharreko hori garbi eta amarrurik gabe zehaztu beharko genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak