Komunikabideak eta informazioa

Ameriketako Estatu Batuetako FOX News telebista-kateak aitortu du 2020an Donald Trump presidente ohiak egindako iruzur salaketak ontzat eman eta indartu egin zituztela informatiboetako zuzendariek eta aurkezleek, gezurra zirela jakin arren.

Behin eta berriz zabaldu zuten botoak zenbatzeko makinak manipulatu egin zituztela emaitzak aldatu eta errepublikanoei garaipena ukatzeko. Kateko presidente Rupert Murdochek onartu du jokaera hura izan zutela telebistako hainbat izarrek. Lekukoek –hango kazetariak–, berriz, diote aurkezle eta zuzendari haiek kameren atzean barre egiten zietela Trumpek esaten zituenei, baina gero ez zutela eragozpenik izan gezur haiei oihartzun zabala emateko, hori zelako ikusleek entzun nahi zutena, FOXeko jarraitzaile ia guztiak Trumpen boto emaile direlako eta hark esaten zuena itsu-itsuan sinistu nahi zutelako.

FOXek ideologia kontserbadorea du eta zabaltzen duen mezua eskuinekoa edo eskuin muturrekoa da. Kateko arduradunek sarri adierazi dute helburua dirua egitea dela, eta, batez ere, eragina izatea, herritarrek eta politikariek euren iritzia kontuan izan dezatela erabakiak hartzerakoan. 

Komunikabide gehienek, eskuineko eta ezkerreko, publiko eta pribatu, euren ikusleek, entzuleek eta irakurleek jaso nahi dutena dute lehentasun nagusi, eta horrek albistea, berria edo errealitatea itxuraldatzen badu, bideak aurkitzen dituzte sinesgarria izan dadin.

Gehienok komunikabide batera edo bestera jotzen dugu gure sinismenak, pentsaera eta egiak baiezta diezazkiguten, gure iritziak sendotzeko eta bide zuzenetik goazela egiaztatzeko. 

Informazioaren helburuetako bat iritzi kritikoa sortzea omen da; horretarako, haren bazkide eta jarraitzaileei entzun eta irakurri nahi ez dutena emateko prest dauden komunikabideak behar ditugu, eta herritarrok gure egiak eta sinismenak etengabe ezbaian jartzeko gai izan beharko genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak