Haren erretaula aberatsean, San Migel zaindaria eta bi goiaingeru kideak, Gabriel eta Rafael, kolore bizi eta txundigarriz janzten dira: urrezko soingaineko distiratsuz, lau barra urdin diagonalez apainduak.
Gure arreta ere erakartzen ez duen zeinu horrek esangura zehatz ospetsua zuen XVI. mendeko akademiko gaztelarren artean, eta egun, oraindik, Salamancako hiritar askorentzat: bertako anayatarren sendi noblearen armak dira, eta, zehatzago, haien kide nagusia izan zen don Diego de Anayaren armarrikoak.
Anaya apezpikua XV. mendean pertsonaia sonatua izan zen; hezkuntzaren arloan, bederen. Sevillako artzapezpiku, Gaztelako erregeorde eta erresumako Kontseiluko presidente hainbatetan, Konstantzako Kontzilioan eta konklaberen batean utzi zuen oroimen nabaria. Bolognan ezagutu zuen San Clemente kolegio ospetsuaren irudira, Espainian ikasleentzako lehen kolegio unibertsitarioa fundatu zuen 1401ean.
Colexio Viejo de Anaya historikoan ikasitako lehen belaunaldien artean Rodrigo Mercado Zuazolakoa zegoen, euskal unibertsitatea fundatuko zuen oñatiarra. Kleriko bekadun gazte soila zela, ordu asko eman zituen Salamancako katedraleko klaustroan, unibertsitatearen sorburu eta egoitza zenean, Anaya fundatzailearen hil-kaperan ofizioak errezatzen. Anayaren mausoleo gotiko monumentalak, adituen esanetan azken Erdi Aroko bikainenetakoak, alde guztietatik barra urre-urdinen armez jantzitako aingeruak
ditu zaintzan.
Zuazolak Oñatiko San Migel parrokian beretzat errepikatu zituen Anaya handiaren hilobitik miresten zituen apainduriak: Kristo apostoluekin parrokiaren klaustroa zaintzen alde batetik eta Andre Maria inguratzen duen santa-talde berbera bere hil-kaperaren kanpoaldetik. Gainera, Oñatiko Unibertsitatearen ataria santa hauen irudiekin edertzean, Salamancako hilobian ikasleen deboziorako jarria zegoen keinu bat imitatu zuen: Alexandriako Katalina santua, ikasleen zaindari gurtua, santa-talde handi haren baitan bi aldiz irudikatu zuen, Anayaren hilobiaren gisara.
Salamancako Katedrala, irudiok aztertuta, Oñati eta Salamanca betiko lotuko dituen ondorioa argitaratzera doa: Oñatiko Parrokia eta Unibertsitatea behatzean, Salamancako Anaya apezpiku handiaren monumentuen isla miresten gaudela, oharkabean. Eta ez da hau Zuazolak ondarean utzi zigun azken ezustekoa!