Bere arbasoen urratsetan, Londres kanpoaldean, Windsorko herrixkaren ertzean, dagoen Etongo kolegioan eskolatuko da.
Eton College munduko eskolarik entzutetsu eta prestigiotsuenetakoa da. 1471an sortua, gogoa eta talentua erakusten zuten gazte txiroak eskolatuz gizarte-eragile aktibo izatera bihurtzeko, bere hezkuntzaren kalitate gorenari esker esparru orotariko liderrak hezi ditu mendeetan: estatuburuak, elizgizonak, idazleak, artistak dozenaka... Honetaz oharturik, botereak eta diruak grinaz kolonizatu dute Eton, egun den elite anglosaxoiaren haztegi esklusibo bihurtzeko.
Printze gaztetxoak egunero college-ko kaperako goizeko zein arratseko ofizio erlijiosoetan gurtza egingo du. Ganga gotiko txundigarriaren babesean, beirateen koloreen eta abesbatzaren doinuen artean, printze gaztetxoari emakumezko santa-talde eder bat agertuko zaio horman margoturik. Erdi Aroaren amaierako lan bikainak dira, lau mende luzez, Erreforma protestantearen garaitik, kare-geruza zuri baten pean, zentsuratuak, aurreko mendean azaleratu arte ezkutuan biziraun dutenak.
Magdalena, Katalina, Barbara, Apolonia, Ursula eta Dorotea dira: fede kristaua eta ezagutza intelektuala libreki bateratzeagatik jazarriak, torturatuak eta erailak izan ziren martiriak, zein baino zein modu bortitzagoan. Gure Debagoienean, Oñatiko Sancti Spirituseko unibertsitatearen ataria apaintzen duten emakume berberak dira, ikur berekin eta hurrenkera zehatz berean irudikatuak.
Zergatik hau? Gizonezkoen eskola hertsiak izan diren bi hauetan emakumezko eredu moralak eta debozio-irudiak zergatik jarri ziren ez dakite Etonen. Oñatin, mundu mailako bitxikeria honen azalpen bat badugu, behintzat: gurean, santa hauetako bakoitza bere bizitzan haragitu zuen bertute nagusiarekin bikoteka irudikatzen da: Zuhurtzia, Justizia, Itxaropena, Neurritasuna, Fedea, Sendotasuna eta Maitasuna, hurrenez hurren, Errenazimenduko ikasleei jakinduriara iristeko bide aszetikoaren pausoak markatzen.
Eton Collegek jakin-min biziz begiratzen dio Sancti Spirituseko gure unibertsitateari. Hemen eta beraien college-an dirauten eraberritze lanak 2026an bukatzeko zain, elkarren santen arteko harremana ikertzeko. Mundu mailako eskola ospetsuenetako bat gure Oñatiko unibertsitateari begira, sorpresa gehiago azaleratzeko zain!