Unibertsitate zahar berria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu

Agertu da berriz.

Aldamioak erantzita, oporren bueltan azalaren kolorea aldaturik, guztiz. Itxura argia, desberdina, berriz ageri zaigu Sancti Spirituseko unibertsitatea denoi.

Udaran bihozmin latzez agurtu dugu gure unibertsitate zaharra, hormetako zuriberri geruzaren azpian desagertzen zihoala, astez aste. Oñatiar gehienok kezka larriz jarraitu dugu ebakuntza estetiko bortitz hori obretako hesien kanpoko aldetik. Eraikinaren betiko bistaren oroiminez, hartzen ari zen itxura berria ezin onartzera etsita geunden guztiz. 

Azken asteotan, ordea, besteren artean EHUn propioki antolatutako udako ikastaroan, eraberritze proiektu horren arduradunek azaldutako agiri eta irudi zaharrak aztertuz kezka zein beldur gehienak urtu dira: garbi ikusten da gure monumentua mendeetako jatorrizko apaindurarekin itzuli digutela, eta guk zahartzat genuena, XX. mendeko estetika, harri dotorez janzten zena, azkenaldiko modako itxura bat zela funtsean. 

Zaharra zen berria, beraz, eta gaur berri ikusten duguna zen Sancti Spirituseko unibertsitatearen betidaniko, ohiko, berezko itxura. Azken mendeko oñatiarrok maitatu dugun irudi hori joan da, betiko. Iragana da orain. Gure bihotzetan biziko da gorderik, gure garaiko historian eta erretratuetan grabaturik. 

Sancti Spiritus XX. mendeko oñatiarrontzat izan dena desagertu da: herrian ugari, eta arrunt diren monumentuetako beste bat, aspaldi bateko euskal unibertsitatearen oroigarri hila. Baina aldamio-oihalen kapulutik gure unibertsitatea eraldatua, birsortua atera da, Euskal Herriaren bihotzean hezkuntzaren monumentu gisa berpiztera. 

Hor dago Oñatirentzat uneko erronka: haren unibertsitate-herri izate ahaztu hori gogoratu eta biziberritzea. Oñatiarren lau mendetako belaunaldiak, euskaldun guztion unibertsitatea sortu, altxatu, zaindu, borrokatu eta saminez galdu zutenak begira ditugu, kezkaz, haien ahaleginaz guk zer egingo dugun galdezka. Arduragabekeriaz hiltzen utziko ote dugu haien ametsa? Edo iraganetik luzatzen diguten lekuko hori onartuz, XXI. mendetik, etorkizunari prestatuko diogu euskal akademiaren monumentu birsortua? 

Lanerako deia jotzen ari da. Aurki, irailaren bigarren erdian deituko dugu Oñatiko Sancti Spirituseko unibertsitate historikoaren balioa berreskuratzeko lan egin nahi dugun guztiok antolatzeko lehen bilkura orokorra. Gonbidatuta gaude oñatiar, debagoiendar eta euskaldun oro, gure unibertsitate zaharra berritzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak