Sancti Spiritusi begirada berri bat saioan oñatiar ausart asko zeuden, beroaldi larriari aurre eginez; nik, hala moduz, presaz, trakeski aurkeztu nituen aurkikuntzak eta perspektibak entzuten. Denek ezuste handiz kontzientzia hartu zuten han, gure herrian behar bezala ulertzen ez genuen altxor bat eta beste leku batzuetan ez den bezalako hezkuntzaren monumentu bat daukagula.
Hitzetik hortzera, Gure Txokon jan-edan gozoen inguruan piztu zen solasaldia: harridura, zirrara, jakin-mina, ilusioa, irudimena, proposamenak, ekimenak atera ziren mahaira. Irakasleek, jostunek, arkitektoek, artistek, musikariek, hedabideek eta bide orotariko oñatiarrek euskaldun guztion unibertsitate izan zenaren balioa berreskuratzeko zer egin hausnartuz agurtu genuen elkar han, bakoitza bere udako oporretara joateko.
Nik aurten ere unibertsitate-kulturan sakontzeko opor-bidaiak ditut zain. Grezian, Akademia atenastarraren sorburua bisitatzera. Valladoliden, euskal unibertsitatea isilpean negoziatu zen etxe-eraikina aztertzera, bertako unibertsitatearen laguntzarekin. Salamancako katedraleko eta unibertsitateko agintariekin Sancti Spirituseko eta parrokiako irudien jatorri harrigarria argitaratzera. Oxfordera, nazioarteko Character Education edo bertute-hezkuntzaren mugimenduko buruekin Sancti Spirituseko mezu humanistarekiko duten interes bizia asetzera. Arloko erakunde anitzekin gure hezkuntzaren ondare-altxor hau kudeatzeko bideak zabaltzera.
Garbi eta ozenki aldarrikatzeko unea iritsi da hezkuntzaren mundu mailako monumentu aparta daukagula Oñatin, Debagoienean, Gipuzkoan, Euskal Herrian, gure Sancti Spirituseko unibertsitatearen ondarean. Denbora gutxiko kontua da, argitara datozen frogen aurrean, arlo anitzetako adituek hau egiaztatu eta publikoki jakinaraztea. Goi-agintari eta liderretatik gizarteko herritar orotara, honetaz jabetu, onartu eta zintzotasunez, ilusioz, lanera batzeko ordu kritikoa jotzear da.
Oporretara orain! Udarako indarberritze sakonaren bueltan, udazken partean, Sancti Spirituseko eraberritze obrak burutze-bidea hartzean, herri-ekimen hau lanean izango da. Euskal kulturak hezkuntzaren ondare unibertsalari gehituriko ekarpen monumental hau gizarteratzeko erantzukizuna, aukera, denona da, irekia. Den-denok gaude gonbidatuak. Gure unibertsitatea berreskuratzeko oñatiarrak jada martxan jarri dira.