Eguzki bi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2026ko ekainaren 22a

Denek ikusi dituzte noizbait, Oñatiko monumentuen hormetan. 

Eguzki irribarretsu bi, banda urdin baten aldeetan, armarri dotorean. Oñatiarren batek zehaztuko dizu hori Sancti Spirituseko unibertsitatea fundatu zuen “obispuan ikurra” dela. Baina blasoi elegante horren esanahiaz galdetzekotan, nekez erantzungo dizu inork.

Sancti Spirituseko unibertsitatearen eraikin ederrarekin ere antzera gertatzen da. Bertakoek zein kanpotarrek miresten dute jakintzaren jauretxe errenazentista, baina haren iruditeriaren artean denak galtzen dira, heroi, santa, munstro eta gruteskoen nahaspilan. Hezkuntzaren ideal humanista txundigarri batek zizelkatu ditu erliebe horiek; 33 santa eta bertutek emakumeen indarra eta meritua goraipatzen dute; ezagutzari buruzko sekretu filosofiko sakona ezkutatzen dute armarriko bi eguzkiek; eta argia ikusi nahi duten ezusteko andana gordetzen ditu oraindik euskaldunen ama-akademiak. 

Gipuzkoatik kanpora, nire ikerketa bidaietan, kultura-erakunde akademikoetan Sancti Spiritusen daukagun unibertsitate-ondarea erakutsi dudanean, inbidiaz eta harriduraz oldartzen zaizkit: "Nolatan ez da gizadiaren ondare publiko izan behar zukeen altxor aparteko hori argitara atera?". Gure erakunde handiek Sancti Spiritusen balioa ezagutu gabe baztertzen dutelako. Ikerketa utzi zuten adituek lanera itzuli behar dutelako. Oñatiarrok ulertu gabe ahaztu dugun gure unibertsitatea berriz ezagutu behar dugulako. 

Alcala de Henaresko eredu txalogarria gogora datorkit. XIX. mendean, Gobernuak Jakintzaren hiria zenaren unibertsitatea itxi zuen, eta haren eraikinak eta ondare historikoa enkantean jarri. Hiriaren loria eta ikurra izan zen eraikina galtzeko kinkan ikusirik, herritarrek, indarrak batuz, Sociedad de Condueños izenekoan antolatuz eta diruak bilduz, unibertsitatearen kolegio historikoa erosi, salbatu, eta ondorengo belaunaldientzat zainduz gorde zuten. Haiei esker, Alcalako Unibertsitatea, gaur berpiztua, urtero milaka bisitarik mirespenez gozatzen dute. 

Euskaldunon alma mater historikoa eta Oñatiren ikur eta harrotasuna izan dena guk guztiz galtzen utziko dugu? Sancti Spiritusen ondarea, esanahia eta balioa berreskuratu eta gizarteratzeko ekimena abiatzeko ekitaldi bat antolatu da ekainaren 24rako, arratsaldeko zazpietan, Oñatiko Kultur Etxean. Honek axola badizu, jakin-minik eragiten badizu, edo bi eguzkien sekretua ezagutu nahi baduzu, gonbidatuta zaude bertara. Han ikusiko dugu elkar!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak