Platon filosofoaren idatzietan han-hemen azaltzen zaigun esaera zahar hori bere ikasleei zuzenduko zien maiz Akademia sortu zuen maisu jakintsuak. Jalepá tá kalá ahoskatua grezieraz, literalki Zailak (dira gauza) ederrak esateko itzuli liteke esaera hori, irakurketa ezberdin eta osagarri bi emanez.
Jalepós izenondoak zaila, gogorra, latza eta bortitza den errealitatea ekarri nahi digu gogora. Erraztasunik gabe, arazoen eta zailtasunen artean ahalegin biziz eta nekez lortzera iristen den hura deskribatzen du. Erosotasun, nagikeria eta txepelkeria eta beldur oro atzean utzita, arrisku eta sufrimenduak onartuz, erronka handiei aurre egiteko prestatzen gaitu.
Kalós-ek, ederra dena izendatzen duen adjektiboak, gauzen nolakotasun bikaina adierazi nahi du grezieraz: estetikoki, moralki edo existentzialki desiragarrienak diren helburuak, giza nahimenaren helmuga altuenak eta nobleenak bereizten ditu. Gazteei bizitzarako helburu gorenak proposatu behar dizkiegu, ahaleginez beraien ametsen mailara irits eta hazi daitezen, erdibidean galduta geratu gabe.
"Helburu ederrak, latzak" direla azpimarratzean, ikasleei beraien bizitzarako amesten dituzten lorpenak iristeko bete beharko duten esfortzuaren zinezko neurria argitzen diegu. Beren bizitzarako proiektu handiak gauzatzeko ordaindu beharreko sakrifizioaren prezioa aitortzen diegu, bizitzan bihotzez nahi duten horri beraien onena emateak benetan merezi duela ziurtatzeko.
"Erronka gogorrak, ederrak" direla oroitaraztean, bizitzako esfortzu latzenak beharrezko direla, beraien bizi-helburu pertsonalak, ederrenak, nobleenak eta preziatuenak eskuratzeko ahalegin orok merezi duela ikusarazi nahi diegu. Indarrak eta itxaropena akitzean, amore emateko tentazioan, beraien bihotzeko aukeretan begirada finkatuz, lemari eutsiz, ekaitz oro zeharkatu dezaketela.
Mezutxo hau aste honetan batxilergoko azken ebaluazioa egin duten nire ikasleei zuzendu nahi diet, eta, bereziki, oraindik, ohiko deialdiari aurre egitera ausartuko direnei. Denek beti gogoan izan dezatela aukeratu duten bidean aurrera egiteko behar den ahalegin gorena, helmuga ederrenak eta zoriontsuenak gozatzeko.