Erronkak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2026ko apirilaren 20a

Pazko astea da.

Oporrak Bolognan gozatzen ari naiz, Europako unibertsitate zaharrenaren itzalpean. Gaur, aspalditik ikusten ez nuen lagun bat bisitatu dut han: urte luzez nire zain zegoen, patioaren erdian, Palazzo Poggiko Herkules miresgarria.

Zergatik, baina, erraldoi gihartsu eta kankailu haren eskultura alma mater-aren erdian? Salamancako Unibertsitateko atari nagusia zaintzen ere hura ageri da. Gurean ere, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean, Herkules bere bizitzako erronka ospetsuei aurre egiten agertzen da. 

Errenazimentuko pedagogo humanistek Herkules giza bertutearen ikasketa-eredu jarri zuten: gure heroia, erronka anitzei aurre eginez, bakoitza gainditzeko bide eta gaitasun berriak topatuz garatu eta trebatu zelako. Epikteto filosofo estoikoaren hitzez: "Nor liteke Herkules lehoirik edo hidrarik gabe, munstro izugarriei aurre egin gabe? Herkules ziur ezetz!".

Lerro hauek San Petronioren basilika erraldoiaren atarian idazten ari naiz, Bolognako plaza nagusian. Hemen, 1530ean, Karlos V.a enperadore koroatu zuen aita santuak. Gizaldi hartako agintari boteretsuenaren koroazio-jaian Europako nobleziaren kide ugari bildu ziren: haiek hirian miretsitako artelanak zein artistak aberrira eraman zituzten bueltan, eta Herkulesen irudi anitz, oroigarri. 

Aztarren honen ildotik, martxoaren hasieran, emozio handiz, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitateko Herkulesen irudi ospetsuen jatorria argitzea lortu genuen. Pierres Picart eskultorearen lan originalak izan beharrean, orain arte uste bezala, Galeazzo Mondella il Moderno (1467-1528) italiar bitxigilearen brontzezko plaka txiki batzuetatik hartuak direla zehaztu genuen. 

Karlos V.a enperadorearen gortesau boteretsuenek brontzezko irudiak, Diego de Siloe arkitektoaren aholkuz, beren monumentuetan irudikatu zituztela egiaztatu genuen: Zaragozako Zaporta Jauregian eta Ubedako Sacra Capillan kasu, Oñatiko unibertsitatean Rodrigo Mercado de Zuazola gotzain fundatzaileak egin zuen legez. Haiek lorturiko handitasunera iristeko erronketan garatu beharreko bertute herkuleoak erakutsi nahi izan zituzten handiki haiek beren monumentuetan. 

Herkulesen eredua batxilergoko azken erronkei aurre egitera doazen nire ikasleei proposatu nahi diet. Mirespenez, bereziki, Asierri, borrokatu dituen erronkek, alferreko izan barik, hark izan nahi duena izaten lagunduko diotela ziur egon dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak