Errutinak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2026ko martxoaren 9a

Bira beste behin ere harea-erlojuari. 

Hurbiletik erreparatzen diot, goitik behera, beiraren alde batetik bestera bidaiatzen duen harea-ale xehe bakoitzari, segundoak eta minutuak balira bezala, gure bizitzatik ihesi doazenak, arrapalada neurtuan. Beste zereginik ez balute bezala, goitik behera erori. Eta orduan, buelta berriz erlojuari, eta buelta berriz amaigabeko errutina berari.

Gizakion bizitzan errutina halaxe sentitu ohi da: behin eta berriz errepikatzen diren ekintza eta gertaerak, ziklo etengabean. Egun bat bestearen ondoren, ordu eta hilabete bakoitzean, hurrenez hurren, zeregin beretan gure denbora ematea, eta gastatzea. Eginkizun beretan. Aurpegi ezagunekin. Ohiko lekuetan. Betiko antolamenduan. Nazkak hartzen gaituen arte, asperduraren asperduraz. 

Gure garaiko Sisiforen madarikazioa ei da errutina: maldan gora daramagun harri astuna, helburura iristean dena berriz hasteko. Ekintza berberak, behin eta berriz amaigabe, emaitzekin edo gabe, exekutatzera kondenatuta sentitzea. Gure garuna, berritasunaren faltan, ezusterik gabe, errutinan ohitu eta aspertu egiten da. Gure denbora preziatua, gure izatea, zentzurik gabe jaten duena. Nietzscheren etengabeko itzulera baino tragikoagoa. Noski, gauzak horrela ikusita, bizitzeko gogoa eta guzti hiltzen da. 

Mendebaldeko gure tradizio berrizale eta azeleratutik aterata, halere, aurkitzen dira errutinari bere lekua, zentzua eta balioa ere aurkitu dioten beste bizimodu batzuk. Bereziki harritzen nau japoniarren artean errutina, ekintza beren etengabeko errepikapen monotonoa, bikaintasuna bilatzeko aukera bezala baloratzea. Haien bizi-pentsamenduan ekintza bat errepikatzeko aukera aldi bakoitzean hobeto egiteko eta ikasteko parada da. Eguneroko ekintza xumeenak, arruntenak, bestela aspergarrienak liratekeenak, enegarrenez berregitea, horiek bikaintasunez, errespetuz eta zentzuz betetzeko ahalbidea da.

Ideia soil horrek guztiz aldatu du errutinak bizitzeko lehen nuen jarrera. Errutina saihestezina zaidanean, nire eginkizunak ganorarik gabe edo axola gutxiz jorratzeko tentazioa sumatzean, japoniarrez oroitzen naiz eta nire errutina beste behin baino apur bat hobeto, gogo apur bat gehiagoz, errespetuz eta zentzuz betetzera jartzen naiz. Eta aspaldi da nire errutinatik nekea, asperdura eta kexa desagertu direla. 

Oraintxe bertan, hala amaitu dut idazten zutabe honen azken lerroa. Harea-erlojuari berriz buelta emateko ordua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak