Eroak, heroiak?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2026ko otsailaren 9a

Urtarrilarekin, Euskadiko Olinpiada Filosofikoa iritsi zaigu, beste behin.

Erkidego zabalean zehar, ikastetxe guztietan, milaka ikaslek marraztu, grabatu, idatzi eta argazkiak atera dituzte, hausnarketa-lan sakon bat sormenez aurkezteko. Aurtengoa On Kixoteren eta eromenaren inguruan izan da, eta horrek gure garaian erakusten diguna. Lakua BHIko ikasleen ahotsek erantzun jakintsuak eman dituzte; zuen gozamenerako, hemen hainbat, laburbilduta.

Gaztetxo guztiek aitortzen dute, hasteko, ez dakitela edo ez dutela askorik pentsatu eromenaren gai konplexuaren inguruan. Aski erraz ohartzen dira eromena zigiluaren azpian markaturiko guztia gure gizartean saihestu, baztertu eta ezkutatu egin ohi dela, beldurrak edo enbarazuak aginduta. Arrazional eta zentzuduntzat harrotasunez aurkezten den gizartean ez ei da leku onarturik eromenarentzat: gaixoetxeetan eta psikologiako nahasmenduen liburuetan baztertzen dugula gure arrazoiaren argitan oker ikusten den dena. 

DBHko gaztetxoenek, ausardiaz hitza harturik, eroa nor den galdetu zuten: zein irizpide interesatuk diagnostikatzen duen bere senean dagoen pertsona eta desberdin pentsatzera ausartzen dena. On Kixoteren ereduari so, mundua aldatzera eta erronka erraldoiei aurre egitera animatu zen bakarra bera izan zela; ez, noski, bere bizilagun sano, ziniko eta indibidualistak, gizartearen muga onartuetan preso bizi zirenak. Hots, eroak maiz heroiak direla. Eta, alderantziz, argi asko. XXI. mendeko On Kixote baten eromen heroikoa nolakoa litekeen amesten olgatu dira. 

Adinean gora, batxilergoko ikasleek sakondu egin dute gure gizarteak eromenari dion fobia arraroan: nondik nazka eta beldurra ekiditea? Gure mendebaldeko gizartea, Ilustrazioaren oinordeko harroa, babestua sentitzen delako bere arrazionaltasun hertsiaren mugetan. Gizakiak arrazoiaren mugez handi menturatzean egin dituela aurkikuntza baliotsuenak, bertan besarkatuz bere gizatasun zoriontsuena. Agian, arrazoi itsuaren erietxetik ihes egitea osasungarriago dela, eta gaixo direnak garuna karratua dutenak direla. 

Gure ikasleek argiki diagnostikatu dute eromena, gogamenaren nahasmendu soila beharrean, gizartean proiektatzen dugun kategoria etikoa dela. Erotzat erdeinatuak beti gizatasun duinez onartu eta maiz heroitzat miretsi beharko genituzkeela. Eta, agian, gure senean, zentzutasunean harrotzen garenak filosofiaren kontsultatik buruan zer gaitz daramagun aztertzera pasa beharko ginatekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak