Ez Coimbra, ez Lovaina, ez Heidelberg. Ez da Harvard edo Yale. Izen sonatu eta handien artean nekez aurki liteke. Baina Euskal Herrian ere badaukagu, munduko beste herrialde askoren gisara, gure unibertsitate-hiri historiko eta propioa. Ohore hori gure Debagoieneko Oñatirena da, bere titulu, ondra eta ospe apartekoena zena galdu ere egin bada.
Gazte-gazterik aita eta amak Salamancara lagundu ninduten, itzulpengintzako “estudiuak burututzera”, kanta jatorrak dioen legez. Gaztelako hiriburu akademikoaren giro eta bizitza humanistaz maitemindurik, Filosofiako ikasketak bertan luzatzen geratu nintzen. Oñatira itzulita, irakasle lanetan aritu naiz beste hamarkada batez, nire Salamanca mina, artean, inoiz ahaztu gabe.
Europan zehar ere erromes ibili naiz, hezkuntza humanistaren gune historiko ezagunenak bisitatzen, denen ondaretik ikasten. Eskolak eta unibertsitateak herrialdeen eragile nola izan diren, haien inguruan politika, ekonomia, ideiak eta fedeak, ikasleen eta hiritarren harremanak eta gatazkak, gizarteak eta bizitza osoak nola moldatu dituzten ulertzen. Antzeratsu, gure Oñati ere, mendeetan, euskal lurretako Salamanca txiki bat, gure hiriburu akademiko propio eta historikoa izan dela hausnartzen.
Etxeratzean, euskaldun guztion unibertsitate zenaren hilarri zahar eta agurgarri horren, Sancti Spirituseko unibertsitateko kolegio-eraikinaren, atean pausatzen naiz, maiz, gogoetan. Oñatiren unibertsitate-herri izana, izena eta esangura euskal kulturan eta historian izan duen lekua baloratzen. Denon lotsarako, guk, euskaldunok eta oñatiarrok larriki, hiltzen eta ahazten utzi duguna.
Lotsa historiko horrek akuilatuta, bilaketan aritu naiz gure Sancti Spiritusen inguruan, azken urteetan, ikerlari afizionatu gisa, baliozko aurkikuntza batzuk burutzen. Argitaratzean, oñatiarrok euskal kulturarako fundatu, eraiki eta borrokatu genuen unibertsitatearen esanguran eta garrantzian sakontzera behartuko gaituzten aurkikuntzak.
2026 hasiberrian zehar, Sancti Spiritusen eraikin historikoa zaharberritzeko eta publikoari era erabilgarri eta irekian eskaintzeko lanak abiatuko dira. Aukera paregabea, errepikaezina, oñatiarron herri-ekimen bateratuaz, gure unibertsitatearen eta herriaren ondare hori berpizteko. “Euskadiko Toledo” deitua izan dutenari, benetan, “euskaldunon Salamanca” merezi duen titulua eskuratzeko. •