'Bacheler'-a

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2025eko azaroaren 20a

Institutuan batxilergoko gazteei galdetzean zer ikasten ari diren, edo zer esan nahi duen haien ikasketek daramaten izen xelebreak, ezjakintasuna da ohiko erantzuna.

Horrek irakaslearengandik azalpen zehatz eta osatua eskatzen du, ba!

Hizkuntzetan jakintsu den lagunari galdetzen badiozu, ziur aski batxilergo hitza latineko baccalaureatus-etik datorrela zehaztuko dizu: haziz –bacca– apainduriko erramuz koroatzen zen ikaslea, antzinatik Italian ohiturak agintzen duen bezala unibertsitateko graduatu berrientzat. Etimologia ezagun hori, ordea, badakigu ez dela naturala, baizik eta XVI. mendean akademiako kide berriak ohoratzeko humanisten giroan asmaturiko bat. 

Sakonago bilatzean, hitz horren beste erro antzinago eta ederrago bat azaltzen da: bacheler hitza. Berba horrek jada izendatzen zituen XIII. mendea ezkero Europako unibertsitate anitzetan ikasketen lehen maila –latinez, gradua– irabazten zuten ikasleak. Bacheler hartatik eratorri zen frantsesez bachelier, ingelesez bachelor eta gazteleratik euskarara batxiler titulua. 

Hitz horren berezko sorlekua armen giroan bilatu behar da. Bacheler, antza, bas chevalier edo behe-mailako zaldunen tituluaren kontrakzio bat liteke. Hortaz, batxilerra, jatorriz, batailaz bataila zalduneriaren lehen mailan sartzera iristeko gaitasunetan trebatu zela erakusten zuen gaztea zen. Erronkaz erronka bere gaitasunak garatuz zalditerian borrokatzeko abilezia eta duintasuna erakusten zuten soldaduak ziren, oraindik bandera propiorik edo kargu militarrik irabazi ez zutenak. Egundaino, frantsesez bachelier hitzak diziplina batean sartu berria dena izendatzen du, eta knight bachelor (zaldun batxilerra) Erresuma Batuko noblezia-eskalaren oinarrizko titulua da. 

Euskal lurretan badugu batxilerraren sinbolismo horren adibide eder askoa, Oñatin dagoen Sancti Spiritus unibertsitate historikoan, euskaldun guztion alma mater lehenengoan. Haren atarian zaldun baten irudia ikusgai da, zaldi gainean armarik gabe kargara doan gudari bat, batxiler izatera iristeko gainditu beharreko erronken eta garatu beharreko bertuteen irudien artean kokatua. Ikasle guztiek ezagutzeko modukoa! 

Aurten Gasteizko Lakua institutuan batxilergo titulua irabazteko borrokan diharduten ikasleei zuzentzen diet azalpen hau: batxiler izatera iristeko aurrean dituzten erronkei gogoz eta kemenez ekitera animatzeko, nire agurrik beroenarekin!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak