Gizatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2025ko urr. 24a, 00:00

C.S. Lewis autore eta eleberrigile ospetsua Erdi Aroko Literaturako irakaslea zen Oxfordeko unibertsitatean Bigarren Mundu Gerra hasi zenean.

Hura, aurretik, Europako Gerra Handian ibilia zen gaztetan, boluntario gisa, etxera bidali zuten arte, hartutako zauriak sendatzera.

Behinola, plaza jendetsu batean, nazionalista gudazale sutsu batzuek jendaurrean probokatu zuten. Hura bezalako izen handiko ingeles batek, eredu ona emateko, bere burua gudara joateko aurkeztu beharrean, kikildurik, eskolan humanitateak irakasten geratu izana aurpegiratu zioten. Lewisek, aldiz, erantzun omen zien: "Basakeria ero hau guztia amaitzen dugunean, berriz ere gizaki izatea zer den gogorarazi eta irakatsi beharko diguten maisuak beharko dira. Ni maisu horiek trebatzen ari naiz ikasgelan".

Gizatasuna. Ziur aski, gudan galdu dugun biktima larriena izango da. Eta ez naiz ari XX. mendeko gatazka handiez. Iragan hurbilean, azken hiruzpalau urteetan sutu ditugun borroka penagarriez ari naiz. Gure mendeko lehen pandemia handitik kostata, jipoituta, ateratzen ari ginenean, denon elkarlana larriki behar genuenean, elkar gerraz zigortzea besterik ez zaigu bururatu. 

Ukrainako gudua hasi zenean nekez sinetsi ahal genituen gure pantailetan, sakelakoetan, ikusten genituen eraso zapaltzaile lotsagabeak eta errugabeen aurkako txikizio neurrigabea. Ez geunden, noski, prest Gazan gertatuko zen odolusterako. Gizateria osoaren lekukotzarekin, zuzenean, gure begien bistan saiatu da XXI. mendeko lehen genozidio handia. Aurreko mendeko biktima ospetsuenak, israeldarrak –edo, zehatzago esanda, haien egungo gobernu militarista–, borrero lotsagabe bilakatu dira arerio ahulenen aurka, nazien ankerkeria gaurkotu nahian. 

Gazan gizatasunaren proba handia suspenditu dugu. Historiaren lezioak, eta filosofoen hausnarketa zaharrak, ustez barneratuak genituenak, errepikatu egin beharko ditugu. XX. mendean gure basakeriari jarri genizkion mugak, erakundeak, dokumentuak, ideal handiak, odolez soildu ditugu. Bakea eta gure gizatasuna berresteko sortu genituen ideia eta hitz handiak, beste behin, negoziazioaren aldarean sakrifikatu ditugu. Krisi antropologiko eta etiko latza ireki dugu mende berrirako. 

Gazteekin ikasgeletan hausnarketa filosofikoan dihardugunok lehen eskutik ikusten dugu hau: nola transmititu, Gazaren ondoren, Lewisek irakasten zuen gizatasun positibo hori datozen belaunaldiei? Kostako zaigu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak