Dataren azpian, R. Epus. Abulens sinatuta zetorren gutuna, Avilako gotzainaren zigilupean, Valladolideko kantzelaritza inperialetik igorria.
Eskutitza, Oñatiko herriko Kontzejuko "Jaun nobleei" zuzendua, irailaren azken egunetan iritsiko zen herrira. Kontseilariek ondo ezagutzen zuten sinadura ospetsuaren atzean zegoen gizona: Rodrigo Mercado Zuazolakoa, herriko semea eta denen aspaldiko auzokidea.
Gutun hura kutxa astun anitzez lagunduta iritsi zen: zilar preziatuz gainezka, eta liburuak, ehunka, are baliotsuagoak. Gaztelera zahar eta lauan gotzain jaunak aditzera ematen zien bere jaioterriko ordezkariei hil aurretiko bere azken gogo kutuna: Oñatin kolegio edo ikasketa-zentro nagusi bat sortzea. Berak, hezkuntzaren bidean gora, Kale Barriko ume soil bat izatetik eliza-agintari eta Karlos I.aren, Bi munduetako enperadorearen eta bere garaiko agintari boteretsuenaren, lege-aholkulari izatera iritsi zenak, bere aberrikideentzat goi-hezkuntzaren bide hori zabaldu eta irekita uzteko ametsa zuela.
Vn collegio en que haya maestros y studiantes que sean naturales desa villa y de toda tierra vazcongada... adonde se lea gramatica y artes y aya exercicio de letras. Asmo abertzale garbiz lehenetsi zituen Zuazola gotzainak euskaldunak bere fundazioan –eta, bereziki, oñatiarrak–; aparteko moduan, Sancti Spirituseko bere kolegio berria inguruko unibertsitate nagusien menpe lotu beharrean, Erromako bulda baten ahalmenaz, haien pareko mailara altxatu zuenean, euskaldun guztien mesedetan.
Juan Lopez de Galarza alkateak mezu hau ahoz euskaratu zion plazan batzarturiko biztanleriari, eta haren onespenaz, Kontzejuak adostu zuen Zuazola gotzainak baliabideak jartzea eta Oñatiko herriak egur-lan guztia eta eraikuntzan laguntza eskerga, elkarlanean.
Honela landatu zuen Oñatiko herriak bere eskuz euskal goi-hezkuntzaren lehen hazia, San Migel parrokiaren baratzeko lurretan. Honela jaio zen Oñatin euskal unibertsitatearen historia.