Harrizko zaindariak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu

Egubakoitz gauean, Oñatin nintzela sendiarekin, nire urtebetetze-afari ondoko solasaldian, ilun egin zen bat-batean.

Trumoiaren orroak astindu zuen mahai osoa. Oinazturen batek herrian jo eta argindarra etenda, beste erremediorik gabe kandela eskuan oheratu ginen denak.

Biharamun goizean, esnatzean, telefono mugikorra oharrez, mezuz, irudiz eta bideoz gainezka neukan. Harri-puska handiak sakabanatuta, horma-hondakinak, eta jendea urduri zegoen Oñatiko Sancti Spirituseko unibertsitate historikoaren oinetan.

Deskalabrua aztertzera inguratu puntuan ulertu nuen gertatua: gauean parrokiako tximistorratzera deskargatu zen oinaztu bortitzak zeharka jo, eta puskatan leherrarazi zuen unibertsitateko pilastroi baten pinakulua. Gaineko eskulturaren metalezko lantzak tximista erakarrita, irudi barnean jarritako metalezko euskarriek eragin zuten eztanda. Pinakuluaren oinetan, kalean, hondamendia zen, harri-puska zakarren artean. Teilatu gainean, sarraskia. 

Harrizko gudari handi baten irudia galdu da. Dozena bat daude Sancti Spirituseko teilatuaren bueltan, norabide guztien zaintzan. Albardaz armaturik, unibertsitatearen armarria ezkutuetan, Sancti Spiritusen harrizko zaindari sinbolikoak dira. Antzina unibertsitateek apaingarri militarrekin islatzen zuten beraien erakundeak defendatzeko asmo irmoa. Oñatiko jakintzaren jauretxearen erremate elegantea da harrizko zaindarien konpainia. 

Ezbehar negargarria edo sekulako zortea izan ote dugun... oso argi ez daukat. Pierres Picarten eskultura bikain bat galdu genuen, baina harrizko zaindari hark, paradoxikoki, bere suntsiketaren sakrifizioaz, unibertsitatearen eraikina babestu zuen. Metro bat edo bi beherago jota, balio kontaezinezko erliebeak deuseztatu zitzakeen oinaztuak, egurrezko teilatuan suterik piztu ez zuenean!

Ikaraldi honen lezioa sakonki irakurtzekoa da. Gure Sancti Spirituseko unibertsitatea geratzen zaion azken defentsa-lerroan babestu da, eta haren harrizko zaindariek ezingo diote luzaro eutsi. Euskaldun guztion unibertsitate historikoak iraun dezan, zaintzaile biziak eta konprometituak behar ditu, maila orotan: herritik hasita, Oñatin bertan, udal mailan, bailaran, historikoki euskal unibertsitatea mantendu zedin lagundu eta babestu duten aldundietan, denon Jaurlaritzan, baita haren oinordeko diren egungo unibertsitate euskaldunetan ere. Sancti Spirituseko harrizko zaindarien azken laguntza deia da denontzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak