'Machina sapiens'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu

2025a da. Garai honetarako irudikatzen genuen zientzia fikziozko mundu futuristaren arrasto handirik ez da ageri, ordea.

Ez auto hegalaririk, edo argiaren abiadurako bidaiarik, ez androide-zerbitzaririk. Gure fantasietan irudikatzen ere ez genuen asmakizun apal batek askatu du orain, alabaina, etorkizuneko iraultza: AA edo adimen artifiziala deritzonak.

Adimena, ziur aski, izango da gizaki egiten gaituzten ezaugarrietatik nagusia. Haren ahalmenez, hain zuzen, bizidun guztien artean, gure espezieak jatorriz falta zituen egokitzapen-gaitasun naturalak ordezteko edo hobetzeko teknikak eta tresnak sortu zituen: lanerako, babesteko, janzteko, garraiorako... nahi dena. Sapiens abizenaz bereizi ginen, naturaren erdian, gizakia animalia jakituna, adimentsua, sortzailea eta nagusia aldarrikatzeko.

Platon filosofoak, gizateria itzal-itxuren ilunpetik, leize-zulo batean gora, errealitatea egun-argitan, egiazko bere izaeran ulertzera ateratzeko dugun argi jainkotiar propio gisa irudikatu zuen adimena. Geure burua, mundua eta bertan dugun lekua adimenari esker hausnartzen ditugu. Haren bidez gizakiok munduan egiten dugun bizimodua, kultura, bideratzen dugu.

Milaka asmakizunen historiaren buruan, teknikaz lepo bizi garen XXI. mendean, gizakioi, azken tresna gisa, adimen forma berri bat sortzea otu zaigu. Adimen hobetua, digitala, giza limitazio naturalak gaindituz, gure mugez handi, gizateria helburu berrietara irekiko duena, zentzu guztietan. 

Ondasun oro promesten digun Pandoraren kutxa berri horren aurrean, zuhurtziaren ahotsak ahalmen mugagabearen tentazioaren aurka erne jartzen gaitu. Adimen artifizialaren arrisku nagusia, hor, gaitasun digital berriak giza adimen naturala ordezkatzea da. 

Etorkizun-fikziora bidaiatu gabe, gure artean, hezkuntzan egiaztatu dugu jada ahalmen digitalak indartzen diren heinean, belaunaldi gazteen pentsatzeko, adierazteko eta sortzeko gaitasunak, urtez urte, larriki galtzen ari direla. Errealitatea fikzio digitalean disolbatzen denean, egia algoritmoek erabakitzen dutenean, gure sormena bere lehiakide artifizialaren itzalean kikiltzen hasten denean, zer? Auskalo, gizaki egin gaituen ahalmen nagusi hori, gure adimena, makinen esku uzten bada. 

Adimen artifizialaren jeinua askatu aurretik, gure ahalmena mantentzeko bideak ireki beharko ditugu. Gure gizatasuna ez desagertzeko adimen naturala erabiltzen ikasi beharko dugu, gure bidea ez galtzeko, etorkizuneko Platonen haitzulo digitalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak