Basilikako balkoiaren azpitik, oso hurbiletik, pozkarioz hartu genuen Frantzisko aita santuaren azken agur argitsua, arnas estuz ahoskatu zuen "Buona Pasqua!" eta azken indarrez zabaldu zuen "Urbi et orbi" bedeinkapena. Erromesen artetik agur-bira azkarra eginda, San Pedroren irudi ostetik joan zen, txalo bizien artean.
Biharamun goizean, Lateranoko hamarretako mezara taxian iristear, mugikorra mezuz gainezka hasi zitzaidan: Frantzisko hil da. Munduko hedabideetan ospatzen hasia zen ezusteko agur-omenaldi atsekabetua.
Ate Santua zeharkatzean, Laterandar basilikako deana Pazko biharamuneko mezan, ahots triste baina sendoz, Pazko-itxaropen betez, aldaretik berria ematen ari zen: "Sarà sicuramente in Paradiso. Questa notte, cari fratelli, è stata la Pasqua di papa Francesco".
Lateranoa Erromako katedrala da, Hiriko eta munduko eliza guztien ama eta burua. Haren absidean dago Erromako katedra, aita santuen marmolezko tronu nagusia. Sede vacante. Eta zelako hutsunea goiz hartan! Haren ondoan otoitz-gogoetan bildu nintzen, mundu zabalean Frantzisko malko saminez agurtzen ari zen Elizari zer zetorkion hausnartzera.
Begirada aulkitik absidean gora altxatzean, mosaikozko San Pedroren irudi handia ikusi nuen; haren alboan beste santu txiki eta zarpail bat, Sanctus Franciscus Asiskoa, eta bien aurretik Andre Maria handia, eskuaz aita santu txiki baten irudia laztanez babesten, denak Kristo Bizi-Iturriari erreguka. Gure Frantzisko ere zaindari haien artean zegoela sentitu nuen, haren azken Pazkoan.
Aita santuen historian izen berezi nagusi bat baino gehiago utzi digu –"Franciscus"–, Santa Maria Maggioreko bere hilobi xaloan zizelkatua. Pedroren ministerioa betetzeko eredu apalago, hurbilago eta irekiagoa izan da, zaharkituriko egitura asko berrituta. Doktrinarik aldatu gabe, haren bizitzan kristau Berri Onaren alde pozgarri eta argitsuena ospatuz, aurreiritziak zein mugak apurtuz, Eliza eta mundua elkarrenganatu dizkigu, bide berrietan.
Frantziskoren pontifikatuko esperientzia argitsu osoa gogoan eraman dute kardinalek egunotan Erromako konklabera. Izan dezagun fede pixka bat haiengan: Espiritu Santua lagun, ez zuten gaizki asmatu aurreko aukeraldian! "Franciscus" ere badute orain, goitik, datorkigun aita santu berriaren alde otoitzean.