Neskatxa argitsu eta gaztea da. Azkarra. Liraina. Belo-zapi luzea beti buruan, irribarrea aurpegian. Jatorra, bihozbera. Arduratsua; bere adinerako ere, helduegia. Maiz ikusten ez den nerabe bat. Aljeriatik iritsi zen bere sendiarekin udazkenean Gasteizera, eta gure ikasgelara. Mila kontu eta kontsulta ekartzen dizkit Balio Etikoetako klasera, galdera filosofiko sakonagoak atsedenaldietan. Dena ulertu nahi du, dena argitu eta bideratu bizitzan, hemen eta orain.
Ikasketetan nekaezina da Hiba. Euskarari lehen unetik gogoz heldu zion, EUSLEko saioetan, unibertsitatera eramango zuen hizkuntza zelan ulertu zuen istantean. Oxforden, Harvarden edo Stanforden ikasketak egin nahi dituela aitortu dit. Neurozirujau, kriminalista eta beste mila gauza izan nahi du batean. Mundua zuzentzeko, gure mundu eder-oker hau hobera bideratzeko irrikaz bizi da. 12 urte ditu Hibak.
Aurreko astean, barneneraino hunkitu ninduen zerbait esan zidan Hibak: "Bizitzan nire ametsak lortzen gehien lagundu nauen pertsona zara, Jon!". Tutore apal honek malkoei eutsi ahal izan zien, ez dakit nola. Behingoan, eskolan hamar urtez lanean jardunda, zerbait zuzen egiten ari nintzela argitu zitzaidan. Lehen egunetik niretzat hezkuntzaren muineko sinesmena izan den horretan sendotu zitzaidan bihotza. Hau da: ametsak, gure gazteen ametsak, direla hezkuntza ororen abiapuntu, norabide eta helmuga.
Ametsak, ilusioak, desirak, grinak, gure gazteen bizi-noranzkoaren lehen urratsak dira, helduaroko lorpenen lehen oinarria. Eskolan haiekin egiten dugun lan ororen funtsa eta zentzua. Gazteenen ilusio samurrenak arretaz jasotzeko esparrua da; nerabezaroan zehar asmo horiek heltzera laguntzeko tartea, aukeren, baliabideen eta esperientziaren errealismoan orekatuz. Norbanakoaren bide propio eta pertsonalena argitzeko, eta bide horretan beraien onena ematera animatzeko. Irakasleok, ikasleen bidelagun, haien gaitasunen eta ahaleginen bideratzaile gara, denek, bakoitzak, beraien bizitzako proiektuan ekinez, egia eginez, zoriontasuna iristeko.
Gure artean aurkitu dituen hezkuntza aukera hoberenak baliatu nahi ditu Hibak, bere ametsak gauzatzeko bide zuzena direla ulertu duelako. Etorkizunaren gorabeherak Allahren eskuetan utzita, bere ametsak errealitate bizi egiteko gogo eta ahalegin guztiaz, egunez egun, lanean ari da Hiba. Ni ziur nago lortuko duela.