Irribarrea piztu zidaten oroitzapenen artean, Gasteizko Zabalgana institutuan ikasturte honetan ezagutu zaituztedan batxilergoko ikasle berriak zineten. Jende jatorra oso, alaia; oro har, langilea. Zuen begietan jakin-mina eta bizi-gogoa islatzen dira Filosofiako eskola-saioetan. Irakasle apal honentzat opari ederra!
Tarteka, zuen oroitzapen bero eta eder hura ilundu egin zitzaidan, nolako urte eta garai gogorra datorkizuen pentsatzean. 2025aren lehen hilabetea ixtera goaz, eta gertakari anitzek sentiarazi digute XXI. mendearen bigarren laurdenerako erronka handiak eratzen ari zaizkizuela.
Mundu mailan, nazioarteko botere-oreka aldakorrak bloke berri handien lehia bortitzean sartu dira, elkarren aurka, elkarlana ahaztuta, oligarka planetarioen interesen doinura dantzan. Haien harrokeriaren eta handinahiaren borrokan, munduko txiroak, ahazturik, desagertu egiten dira. Bitartean, kontsumoen gehiegikeriez okerturiko desoreka klimatikoen efektuek geroz eta hurbilagotik zigortzen gaituzte. Munduan orroka dauden gatazka armatuetan bakeari prezioa jartzen zaio eta demokrazia merke saltzen da. Nola eutsi, aurrera egin, justiziaren itxaropena hil dela sinetsita bizi den mundu batean?
Laster, ohartzerako, 18 urte bete eta adin nagusiko izango zareten gazteok jada ondo ikasia duzue Olentzero, Santa Claus eta Errege Magoak zuen gurasoak direla, eta ez dutela opariz edo ikatzez saritzen edo zigortzen gure askatasunaz egiten ditugun erabilerak, ongia nahiz gaizkia. Horiek ume txikien jarrera bideratzeko mito-ipuinak dira.
Bizitza seriotasunez, zuzentasunez eta koherentziaz bizitzeko hori baino arrazoi serioagoak behar dira. Justiziaz jokatzeko injustiziatik bizi den gizarte batean. Naturaren eta gure munduko behartsuen orroa entzuten duen arima bat. Gizakiaren barnean zinezko egia bat aurkitzeko itxaropenari eusten diona. Norbera izateko, askatasuna adimen artifizialaren eskuetan ahaztu nahi duen gizadi baten erdian. 2025. urteari aurre egiteko adore handia behar da!
Ikasgelan elkarrekin lantzen dugun Filosofiak datorrenari aurre egiteko funtsezko arrazoiak aurkitzen lagunduko dizuela espero dut, benetan. Goazen, bada, elkarrekin, urte berrian aurrera!