Udalatxeko gurutzea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko urr. 31a, 00:00

Zuri idazten dizut, lagun, zutabe honetatik, joan den urriaren 12an Udalatx mendiaren maldan zegoen gurutzea moztu eta bota zenuen horri.

Arduraz astindu duzu gure bailara zure balentriarekin! Horrek hausnarketan buelta bat edo bi ematea merezi duela uste dut nik.

Albiste anitz aztertu ditut horretaz, irudiak franko, zuk lekuan utzitako olerkia, arrazoiak eta guzti. Zure asmoa ondo ulertu badut –kostata, zin dagit–, zendutako mendizaleen omenezko oroigarria gurutze bat izatearekin ez zeunden ados. Edozein monumentu onargarri, gurutze kristaua izan ezik. Ba, hori adieraztea besterik ez zenuen! Jendarte demokratikoan hori egin ohi dugu: denon intereseko auziak eztabaida eta erabaki orokorrera ireki. 

Zuk, ordea, argudioen hartu-emanean galtzeko beldurrez edo, justiziaren zerra zure eskutik hartuz, ilunpean, isil-gordeka, ikur zapaltzailetzat zenuen Gurutze Santua bota duzu. Omenaldi askatzailea bai zurea, txo! 

Mezu tristea utzi diguzu: kristauen aurkako gorroto-ekintza bat, debagoiendarren usterako. Zendutako mendizaleak zure sentimenduen neurrira ohoratzeko, gure inguruan zenbat bizidun mindu nahi izan dituzun! Dena, zuri Gurutze Santua-ren pisu sinbolikoa jasanezin egiten zaizulako. 

Zuk ulertzeko, Balio Etikoetako klasean ditudan 12-14 urteko ehun ikasleri zure ekintza aurkeztu diet garbiki balora dezaten, arrazoi, olerki eta guzti: aho batez gaitzetsi dute, denek. Zuk egindakoak, zure sinesmenak eta sentimenduak, zuzenak eta bidezkoak izanik ere, besteenak zanpatuz inposatzen dituzula salatzen dute.

Zure arrazoibidea ez da berria: zure ustea beste ororen gaindi! Afganistango Buda erraldoiak dinamitatu zituzten talibanen zentzua da. Kultura osoak akabatu zituzten kolonizatzaileena. Gurean, Kristoren izena aitzakia, zuk maite dituzun arbasoen ametsak, Mari eta sorginak desagerrarazi zituztenenak. Zuk ere arrazoi serioak izango zenituen halakorik egiteko! Baina zuri bost axola besteen arrazoiak, sentimenduak edo eskubideak, zerraz moztu eta ebatsi baditzakezu. Zein monumentu erasoko duzu hurrengo? Zure balentria zein burugabek errepikatuko? 

Udalatxeko Gurutze Santua izan zitekeen. Zen. Berreraiki ezean, haren zutoina geratuko zaigu zure intolerantziaren oroigarri, negargarri, Debagoienaren bihotzean. Aniztasun baketsuan sinetsi eta bizi nahi dugu hemen. Intolerantzia zapaltzaile ororen atzaparretatik at. Hausnartu ondo hau, adiskide. Emaiozu buelta bat edo bi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak