Zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko ots. 16a, 00:00

Abenduaren azken egunetan, Gabon festa handien atarian, Zumaiako parrokian hitzalditxo bat egitea suertatu zitzaidan.

Zerbitzua hausnarketa gaitzat planteatu nuen bertaratu ziren lagunentzat. "Ideia txarra!", bota zidan ondoren ahots lagun batek –"hitz horrek fama okerra dauka; egungo harremanetarako ez da gai egokia!"–.

"Zaharkitua", esan zidaten. Zerbitzu hitza démodé zegoela. Ez ei dauka vibra onik ere: aro arkaikoetako morroien eta esklaboen behar makurra dakar gogora, edo zerbitzarien gogo diruzalea. Mirabekeria, klasismoa, beharra, autonomia galtzea, eta zerbitzuak historikoki pilatu dituen ebokazio zakar guztiak, batean. XXI. mendeko altruismo etikoa elkartasuna, solidaritatea, auzolana edo laguntza ematea erako kontzeptu garaikideetan demarkatu behar dela. 

Horrexegatik justu –erantzun nien– eguneratu behar dugu zerbitzua. Jarrera moral gisa gure mundu eder eta oker hau bideratzeko edo salbatzeko ahaleginetan serioena eta boteretsuena izatera iris daiteke, haren zentzu ebanjeliko sakonean erreskatatzen bada. 

Zerbitzua, funtsean definituta, nork bere hurkoek duten beharra asetzeko egin dezakeen oro da. Gizakion zoriontasun eta betetasun bilaketan oztopo diren behar horiek betetzea; batez ere, gure inguruan bere premiak ase ezinda dabilen edonori gure ahalmenetik laguntzea, askatasunez, apaltasunez eta maitasunez egiten bada. 

Zerbitzuak askea izan behar du, inolako derrigortasunik gabea, behartsuen premiek eragiten diguten errukiak bultzatuta soilik, bihotzeko konpromiso libretik ekinda, eta ez motibazio okerrek sorturiko morrontza boluntarioetatik. Zerbitzuak apala izan behar du, behartsuaren ongizatea eta zoriona ez beste saririk espero gabe, ordain edo errekonozimendu-nahi orotik aske. Ez soldatapeko zerbitzari interesatuaren gutiziatik edo mezenas eskuzabalaren altuera eroso edo apaltzailetik, baizik eta premian dagoenaren alboan jarriz lagundu, haren beharrekin bat eginik. 

Zerbitzua maitasunez bete beharra dago, azkenik, eta behartsua zauritu dezakeen beste edozein motibazio faltsu saihestu edo deuseztatu, haren premiari begira soilik; ez hortik irabazi dezakedanetik, baizik eta hari nire dohainetatik doan eman diezaiokedanari adi.

Zerbitzu-jarrera honetan sakontzeko beharraz gogatuta, lehen hitzaldira joan ziren lagunek beste saio bat antolatu dute, martxoaren 8rako; berriz Zumaiako parrokian, gehiago jakitera etorri nahi duenarentzat!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak