Urteak honela etorri eta doaz: segundo bat eta bestea, minutuak ordu eginak, egunak eta asteak bata bestearen bueltan, eta, konturatzerako, egin dugu eguzkiaren eta egutegiaren bira osoa, denboraren korronte isil eta etengabean.
Duela sei hilabete justu, 2023aren erdian, hausnartu nuen zutabe honetan nola denbora den zoriontasuna gauzatzeko dugun materiala, existentzia deritzon tartea, gure zoriona bilatzeko dugun asti guztia. Agian, horregatik, urtearen buelta markatzeko opa diogu elkarri zoriona. Zoriontze-esaldi ederrekin opa diogu elkarri urte ederrena. Urte zoriontsuaren etorrera konjuratzen dugu, zori txarrak saihestuz, onura bakarrik jasotzekotan. Gerora, urtean zehar, inoiz gertatzen ez dena.
Urteek gure zoriona gauzatzeko ardura balute bezala! Hobeak edo okerragoak, urteak denbora hutsaren korrontea dira. Guk hilabeteetan zehar lortu dugun asebetetze-esperientziaren arabera tasatzen ditugu, onak eta txarrak: 2015a 2022a baino hobea izan zela, baina ez 2018a bezain ona. Ardoen uztaldiez ari bagina bezala.
Zenbat aldiz entzuten den jendea, urtea luze egin zaionean, nazka eginda, akabatu eta berria hasteko egonezinean! Urte zaharra doala, berria datorrela! Gabon zaharreko gauerdiko azken minutuko magiak miraria egingo balu bezala! Segundo bat gorabehera, gauzak bere horretan jarraituko du, denboraren iragateak berez ezer aldatu gabe. Urte berrian, guk zerbait aldatu ezean, berririk ezer ez da izango. Chestertonen hitzetan, urte berri batean sartzeko arima guztiz berritu behar da.
Zein da, orduan, urte benetan berri eta oparoa egiteko behar dugun zientzia? Non ikasi denbora eta bizi beharko ditugun egoerak, hobeak edo okerragoak, zorionera bideratzeko jakinduria? Nire esperientzian, irakaspen baliotsu horiek ematen dutena, isil-isilik atetik alde egin berri duen urte zaharrak ematen dituenak dira: urtean zehar, bizipen berriei, onei edo txarrei, aurre egitean barneratzen ditugun lezioek ematen digute hobekien etorkizuneko momentu eta egoera berrietan zorionez ateratzeko behar dugun zuhurtzia. Ez baztertu eta ez ahaztu badoan urte zaharrak eman dizuen jakinduria!
Urte berriari ongietorria egiteko, aurreko urteetan zahartutako ardo onaz egin topa, eta opa zoriona!