Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2023ko uzt. 7a, 00:00

Agustin Hiponakoa handiak idatzi zuen bere Aitorkizunak-etan denok dakigula gutxi gorabehera denbora zer den, harik eta norbaitek denbora zer den galdetzen digun arte. 

Orduan zalantzak eta ezbaiak! Denbora, zinez, zer ote? Ordulariek neurtzen duten zerako zera? Mundu fisikoaren laugarren dimentsioa? Denoi falta zaigun zerbait? Substantzia bat, sentsazio soil bat, ala munduaren aldaketak bereizteko fikzio bat? Garai, leku eta arlo orotako jakintsuek gaurdaino zehaztu ezin izan duten misterioa!

Martin Heidegger filosofo alemaniarrak, bere pentsamendutik, denbora gu geu garela esango liguke: astia, tarte soil bat ei garela, jaiotzetik heriotzara arteko aldia, ezerezetik ezerezera gehiago edo gutxiago luzatzen den gertakari bat, filosofiak existentzia deitzen duena. Denbora dugun arte horretan irauten dugu, gara, eta hura amaitzean, akabo dena! Denbora galtzen dugun bakoitzean, gure izateko aukeren eta gure izate beraren zati bat xahutzen gabiltza. 

Alferrik ez galtzeko, Heideggerren ustetan, gu garen denbora baliotsu apur horrekin zer egin behar dugun erabakitzea da galdera premiazkoena. Zertan inbertitu probetxuz gure existentzia? Zoriona aurkitzeko nondik jo eta zeri ekin behar diogun argitu nahi du filosofia existentzialistak. Iritziak aukerak bezainbat dira, hemen aztertzeko anitzegiak.

Nire bizitzaren erdialdera iristen ari naizela, galdera horren erantzuna maitasuna dela dut nik iritzi: orain arte bizi izan dudanetik ezerk ez du bizitza maitasuna eman eta hartzeak bezain sakon, bezain gozo, bezain beste bete! 

Harvardeko Unibertsitateak otsailean aurkezturiko Waldinger ikerketa ospetsuen emaitzek nire susmo hau baieztatu dute: gizakioi zorionik beteena, iraunkorrena eta garbiena gure arteko harreman sendo, aberats eta maitekorrak garatzetik datorkigula. Zientzia bere bidetik eta Agustin Hiponakoa fedearen ildotik zoriona maitasunean aurkitzen dugula esatera bat datoz, eta neu ere batuko natzaie nire bizi esperientziatik. 

Urteak betetzean zoriona opa diegu maite ditugunei. Gure amama Karmenek 99 urte bete ditu oraintxe, zoriontsu, bizitzan maitasuna eman eta jaso beste zereginik geratzen ez zaiolarik. Nire gurasoek martxoan 70 urte bete maitasun ospatuko dituzte. Beraz, filosofietan minutu bakar bat gehiago xahutu gabe, hausnarketa honen lerroak hemen txukundu, itxi eta PUNTUAra bidaliko ditut. Bihar uztailaren 8a da eta 40 urte ospatu behar ditut nik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak