'Lest we forget'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2022ko urr. 28a, 00:00

Duela urtebete, azaroko zubiko oporretan, Erresuma Batuan nintzen, Cambridgeko unibertsitatea bisitatzen.

Azaroaren 2an, kalean, King's College ospetsuaren ateko oharretan irakurri nuen arratsean Requiem ospakizun bat egingo zela kaperan, hildakoen oroimenez, college-ko abesbatza ospetsuak kantatuta. Mirariz, ozta-ozta, lortu nuen azken bi sarreretako bat.

Requiem ahaztezina hura! XV. mendeko ganga gotiko ederraren ilunpean, koruan eserita, kandelen argitan, egundaino entzundako ahots garbienek notak eta hitzak zintzilikatzen zituzten airean. Erdi Aroko salmo gregorianoak eta garai modernoko himnografia protestantea, organoaren doinu garaikideekin bikain harmonizatuta. 

Ospakizunaren erdian, diakono anglikanoak, hitza hartuz, jakinarazi zigun justu egun hartan, ehun urte lehenago, ireki zela koruaren ostean dagoen Memorial Chapel kaperatxoa. Haren hormak bi mundu gerretan hildako college hartako ikasleen eta irakasleen izenek apaintzen dituzte. Bihotza urratzen du ehunka izen gazte irakurtzeak, errenkada dotoreetan.

Erresuma Batuan urtero esker onez ohoratzen dituzte Gerra Handian bizia eman zutenak, Remembrance Day edo Oroipenaren Egunean, azaroko armistizioaren datan, Lest we forget (Ahantz ez ditzagun) lelopean. Diakonoak eta kaperako erretoreak, oroimen harekin lotuz, gure garaiko COVID pandemia handian zendutako college-ko senideen izenak gogoratu nahi izan zituzten, denak ozenki irakurriz, bi ahotsetara, kaperaren alde batetik bestera. 

Ganga gotiko zabalean izen bakoitza oihartzunean desegiten zen heinean, pertsona bat, bizitza bat, desagertzen zela zirudien, kandelen kea bezala, airean, zerrenda lazgarri hartan, ia berrehun izenez luzatua. Hala ere, han ginenon bihotzek eskertu egin zuten oroitzea izen haiek guztiak, nonbait, noizbait, norbait maitatua izan zirela, guretzat.

Lerro hauek idazten nintzela, COVID-19ak gure amona Milagros maitea eraman du bizitza honetatik, egun batetik bestera, ordu gutxiren kontuan. Penaz, presaz, lur eman diogu Fuentepiñelen, Segoviako lur minean. Han ospatuko dugu igande honetan haren hileta, beste hainbat lagun maiteren oroipenarekin batean, Santu Guztien bezperan. Guretzat abuelaizan denaren maitasuna ahaztezina izango da. 

COVIDa oraindik gure artean dabil, bizitzak, bihotzak, urratzen. Baina gure bihotz urratuotan gure lagun maiteen izenak betiko idatziak daude. Izan bezate denek, bertan, bake eta atseden.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak