"Zuhaitz garai, hostotsu eta emankorra ikusi behar dugu hemen –zehazten diet, hatzen artean eusten dudan ezkur txiki eta biribil bat erakutsita–, edo kale egingo dugu gure hezkuntza-misioan".
Haurrentzako ipuin batetik heldutako intuizio bat da hau. Londresko liburu-denda batean begiztatu nuen Max Lucado artzain protestantearen The Oak Inside the Acorn liburuxka ilustratutik aterea. Bertan, Ezkurtxo (Little Acorn) gaztearen abenturak kontatzen dira; munduan bere lekuaren bila, beste hazi eta zuhaixka batzuen artean bere nortasuna argitzeko pasako dituen kezkak, larritasunak eta saminak. Zuhaitz nagusiek emango dioten konfiantzaz eta aholkuaz, bere izatea onartu eta garatuta, gure ezkur txikia Haritz Handi (Big Oak) oparo eta zoriontsua izatera helduko da.
Ezkurtxoren izenpean ipuin horretan daude nerabeak, gazteak eta ikasleak. Haurtzaroa atzean utzita, helduaroa entseatzen ari direnak, tarteko dantza korapilatsuan. Hezitzaile garenok tentazio jakina dugu ikasle bat, gazte bat, bizi dituen gorabeheretan hartuz, egoera horietan, bere nortasuna definizio murritzez finkatzeko arriskua.
Hegel filosofo alemaniarrak zuhurki oroitarazi gintuen: "Ezkur baten egia haritz osoa da". Hau da, izakiak aldakorrak eta egoerak dinamikoak direla kontuan izanda, errealitate bat bere prozesu naturalaren une isolaturen batean zehaztera murriztu gabe, bere garapenaren betetasunean hartuz soilik ulertu daitekeela.
Gure gazteak kinka horretan dira: ezin dugu beraien izatea definitu orain diren haur, nerabe eta ikasle soil gisa hartuta, nerabezaroko gorabehera zailetan. Orain diren horretan baino gehiago, bizitza osoan zehar izatera iris daitezkeenaren ikuspegitik antzeman behar ditugu. Beraien garapen pertsonal osoa bilatzen badugu, etorkizun profesionalaren edo heldutasunaren mugaz handi, bizitzaren betetasunera begira hezi behar ditugu, beren izate, gaitasun eta ahalmen osoan loratzeko, nor bere berezitasunetik.
Hezitzaileon funtsezko ardura da intuizio maitekorraz eta esperientziaz esku artean ditugun gazteen ezagutza sakondu, adiskidetsuan, haien bidelagun, etorkizunerako dituzten ametsak gure eginez, beraien bizi-nahi zinezkoetatik betetasun zoriontsurantz hazten laguntzea. Amets eta erronka! Haritz mardul, bizi eta oparo bat antzemanez hasten dena, ezkur apal baten itxurapean.