Zopa gorria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2022ko mar. 18a, 00:00

Yula ezagutzeko aukera baduzue, ez diozue erraz antzemango ukrainarra denik. Oñatiko euskara garbi eta bikaina hitz egiten du. Hemengo familia batek hartu zuen duela urte batzuk, bere ametsetako gastronomia ikasketak Euskal Herrian burutzen laguntzeko. Ikastolan ikasle izan nuen, eta gazteleran aurreratzeko bakarkako saioetan lantzen genuen. Elkarrizketan trebatzeko, bere jatorrizko Ukrainari buruz mintzatzea eskatzen nionean, ikustekoa zen bere zirrara eta hitz jarioa, eta irribarre bete eta zabala!

Ezin ahaztuko dut Yulak borsch-a edo zopa gorria deritzonaren prestaketa azaldu zidanekoa, xehetasun guztiz. Haragi, aza, barazki eta beste hainbat osagaiz hornitua, baina, batez ere, odol-gorri kolore ezaguna ematen dion erremolatxa mingotsa nahasten dituen erregosi nazionala da borsch-a. Aldaera anitzak onartzen ditu, hotz edo bero prestatuz, osagai berriak nahastuz.

Ukrainiako herria bera borsch-aren antzera irudikatzen dut. Europako herrialde zabalena jende, kultura eta herrialde anitzen nahasketatik eratu da, erregimen eta muga oso aldakorrekin, eta mendeetako zapalkuntza eta ezbehar garratzak pairaturik, sufrimendu gorri-gorritik. Sobietar Batasunetik banandu zenetik, azken hamarkadetan bere bide eta nortasun propioa eraikitzeko inertzia hartzen ari zen jende ukrainar xaloa. 2022ko otsailaren 23a iritsi arte.

Bi aste eskasetan milioika ukrainarren bizitzak suntsiturik edo zartaturik ikusi ditugu, azken tiranoaren hanka-sartze baten ondorioz. Vladimir Vladimirovitx. Putin Grozni, tsar titulua asmatu eta hartu zuen Moskuko lehen printzearen ezizen famatua irabazi duena: Putin Izugarria, Putin Ankerra. Diplomaziari eta zuzenbideari barre egiten dien autokrata. Errua ez da soilik berea: Ukrainiako herri gajoa NATOren eta Errusiaren nazioarteko xake-lehia geoestrategikoan peoi soiltzat erabili dugu, Kremlinek zanpatu duen arte.

Sarraski burugabea askatu dugu, amaierarik edo noiz izango duen jakin gabe, edo zein ondorio ekarriko. Orain, Ukraina erasoa, zauritua, bortxatua eta izutua laguntza eske datorkigu, eta guk hura hartu, lagundu eta babesteko erantzukizun morala dugu. Hango hiri eta babes-zuloetan, errefuxiatuen ilaretan, fronteko lubakietan, borsch-a prestatu eta jaten ikusten ditugu ukrainarrak. Beren herrialdeari eusteko borroka, lan, otoitz eta edozer egiteko prest daudela badakigu. Yulak hemendik bere esku dagoen guztia egingo du, ziur; lagundu egin behar diegu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak