Joan zara, isil-isilik. Ia oharkabean, izurri amaigabe honek eraman dizkigun milaka lagunen artean. Alabaina, lau haizeek azkar zabaldu dute zure heriotzaren berri tristea. Bihotz anitz goibeldu dira, malkoak euritu dira. Euskal lurretan zehar gutxi ziren Pello Zabala zena ezagutzen ez zutenak. Kostako zaigu, gaurtik aurrera, bizitzan ezagutzen ez zintuen inori zu nor eta zenbat zinen adieraztea: irratiko frantziskotarra, naturaren kontenplalaria, euskaltzale jakintsua, santutegiko organo-jolea, edo Arantzazuko harrerako lehen irribarrea?
Bost talentu bitxi horiek eta gehiago, gaztetatik landuak, ugaldu eta biderkatuak utzi dizkiguzu, fraide pobrearen oinordetza aberats, urre-izpirik gabea: doinua, hizkuntza, kultura, meteorologia, eta Ebanjelioaren zientzia eta jakinduria. Euskaldun guztion artean zabaldu eta banatuko dugu, betiko, eguraldiaren fraidea-ren ondare baliotsu hau! Zuk badaramazu, trukean, gu guztion estima eta maitasuna.
Aberatsago eta umezurtzago utzi gaituzu denok, Anaia Pello! Zure ohiko presentzia jatorra faltan, nekezago egingo zaigu hemengo eguneroko bizitzari eustea. Hutsune nabaria utzi duzu euskal munduan, eta Arantzazun bertan sakonena.Zure fraide gajoak, zure ama eta anaiak, zure gorputz lokartua agurtu gabe, limosnako abitua jantzi eta zure eskuak azkenekoz estutu gabe, penaz geratu dira. Azkeneraino eriaren gurutzeari besarkatuta, orain, errauskailuan giza ahuleria eta hilkortasun oro utzita, argi ta garbiki aldendu zara zeruko habiarantz. Asisko Frantziskoren anaia txikiak eta herri euskaltzale eta fededuna gaur santutegian elkartu gara, hemen izan zarena agurtzera.
Pello amezketarra, umetatik oro utzita Arantzazuri sagaratu zenion bizitza, Andre Mariaren magalean. Bere aurrean bazaude orain, han goian, egiozu kantu eta musika, egiozu kontu eta otoitz Aizkorriren maldetan bizi den zure herri maiteaz. Mendi aldeko haizeak, tarteka, ekarriko ditu zure ahots minaren hitzak eta notak, Arantzazuko bake isilean zure ondoren misterioa kontenplatzen jarraituko dutenentzat.
Joan zara, Pello, aurre hartuz, baina goian elkartuko gara. Beraz, agurrik ez. Laster arte, beharbada!