1522ko urtarrilean, mezu lehergarria iritsi zen Gasteizera. Aiztogile edo Cuchilleria kalean, Sanchez de Bilbaotar judu kristautuen jauretxean –egun, Casa del Cordon deritzona–, Adrian Floriszoon Utrechteko gotzain herbeheretarra zegoen sasoian misio politikoan. Erromatik iritsi zen bulak aldarrikatu zuen urtarril haren 9tik Adrian Utrechtekoa Eliza Katolikoaren aita santu aukeratua izan zela, kardinalen konklabearen erabakiz. Adriano VI.a izendatu berriak han zirenen errukia erregutu omen zuen, gainera zetorkiona ikusirik.
Aita Santua hilabetez izan genuen Euskadin, lurraldeko handiki eta eliztarren ohoreak jasotzen. Ondoren, Ebro ibaian behera bide egin zuen, Erromarantz itsasoratuz. Baina gure aita santu euskaldunak ez zuen luze iraun. Atzerritarra eta erreformazalea izaki, il Papa barbaro gaitzetsia urtebeteren buruan zendu zen Erroman, azpijan politikoz aurka aritu zitzaizkion kardinalen intrigek eta garaiko Elizaren zatiketek akiturik –pozoi ukitu baten laguntzarekin, ziur aski–.
Eta Erromaz ari garenez, On Jose Inazio Munilla gotzainari eskaini beharko hitz bi, argi eta garbi. Alacanteko gotzain izatera aldatu dutenetik, Munillaren zaleen eta aurkarien arteko zalapartan Gipuzkoako gure Elizbarrutiaren zatiketa oihartzundu da, bereziki. Zaharrak berri: aurretiko gotzain donostiarrei ere, Setieni eta Uriarteri, Adriano VI.a gajoari bezala egin zieten zangotraba, gerra zikina eta azpijana, alderdi batetik, eta orain Munillari, bestetik.
Donostiako artzainek gurutze astuna eraman izan dute lepotik, eta Munilla gotzainak 12 urtez isilik pairatu dituen azpikeria, mardaila pozoitsu eta aurkaritza zakar anitz ikustea tokatu zait Eliza barrutik. Ez zituen merezi. Alderdikeriokin, Gipuzkoako kristauok eskandalu lotsagarriz nabarmendu dugu zeinen makurki egin diezaiokegun gerra gure alderdien irizpideen ildotik ez dabilen artzainari. Ebanjelioaren estilo eta espiritutik zinez urruti!
2022an Gipuzkoara datorren gotzain berriari elkartasun bidea egiteko adore osoa opa diot nik.