Irakasle edo hezitzaile, ez ote gauza bera, sinonimo biren arteko alde ziztrinaz? Hitz banaren formak jatorriz historia propio bat darama lepoan, adiera eta esanahi bereziz. Irakasle hitzak irakatsi egiten duen norbait dakarkigu gogora, ezagutzaz jantziriko maisua, ezjakin gajoari probetxuzko jakintza bat eskaintzen diona, ia limosna balitz bezala. Gure garairako, etimologia zaharkituak.
Hezitzaile izena gorde nahi dugunon bokazioa ez da irakaste hutsa, gure gazteek eduki kurrikular zehatzak jasotzea edo modako konpetentziak garatze soila. Abereak haztea ez da oso ezberdina! Guk pertsonak hezten ditugu, ordea.
Hezkuntza euskal hitza educare berba latinoaren ordezkapen zabala da: ex- aurrizkia (kanporantz) eta duco (gidatu) aditzaren jokoak zerbait edo norbait kanporantz atereaz, bidean gidatuz laguntzea esan nahi dezake, beste etimologia batzuen artean. Baina adiera horretan juxtu ikusten dut nik hezkuntza zinezkoaren funtsa.
Hezkuntza honek ikaslea du bere abiapuntu, oinarri, ardatz gidari eta subjektu protagonista. Haren alboan hezitzailea hurko bidelagun, zientziaz eta esperientziaz, bizitzara ateratzen eta zentzu orotan heltzen lagundu (educere) nahi duen adiskidea. Gazte banakoak berezko dituen dohain ederrenak argituz-landuz (educare), bere gaitasun eta nortasunaz jabetzera, osotasunerantz garatzera, bizitza beteena bizitzera laguntzea. Gozamenez, konfiantzaz, gazte bakoitzari arlo bereizietan zaletasunetik, jakinminetik, sormenetik tiraz. Eta heltzean, bizitzeko orduan, gure mundu eder-oker honen aurrean, gogo jatorrez, beretik duen onena eskaintzera animatzea (educare).
Irakasle titulu soilak adierazi ezin duen amets oso hau maite eta bizi dugu hezitzaileok, eta bere erronka, ez txikiagoa! Egunotan ikasgeletara bueltatzen zaretenoi besarkada eta txalo bero bat eskaini nahi nizueke lerro hauetatik, Donostiako La Asuncion ikastetxeko lankide minetatik, aurrenekoz amets-erronka eder hau hastera zatoztenetara. Denoi animo, eta hezkuntzara!