Eta ez da huskeria! Landareen aroma gozo eta eztia udaberriaren presentziaren seinale argietako bat da, beste ezaugarri anitzen artean. Egutegiari begiratu gabe, eguraldia eta naturaren zikloak geure inguruan sentitzean, urteko zein momentutan gauden antzeman dugu erraz, eta senez gure barruak badaki nola hobekien disfrutatu urteko sasoi horretan.
Udaberri hau guztiz aldrebesa izan da, ordea. COVID-19 izurriaren eta honen aurkako mundu gerraren artean harrapatuta, zoratu beharrean, ez dugu ohi bezala bizi ahal izan urtaro gozo eta loratua. Loreen usaina bezalako mila detaile apaletan bizitza galtzen eta ahazten joan gara, hilabeteen joan-etorrian, oharkabean: agurrak, elkarrizketak, paseotxoak, partidak, kaleko jolasak, kafe bat lasai hartzea… Eta bizitzaren funtsa momentu txiki horietaz egina da. Zer da, ba, esan, lorerik gabeko udaberri bat?
Udara iritsi zaigu jada, ordea. Gainean dugu uztaila. Eguzkia lurra berotzen hasi da. Iritsi dira lehen arrats sargori, luze eta argitsuak. Ondoren, gau epel eta laburrak. Aurreneko txango eta irteerak. Mugak irekitzen diren heinean, atzeratutako bidaien ilusio berpiztua. Umeak berriz kaleetan jolasean egunaren erdian. Senide eta lagunekin ospakizunak. Itsasoaren musika lasaia, hondartzan. Kresalaren aroma gazia. Basoko hezetasun sarkorra. Mendi tontorreko haizearen laztana. Denak batera esaten digu: udaran gara!
Izurriaren aurkako gerra luze honi buelta ematen hasi garenetik, bizia berriz ere bere lekua hartzen hasi da. Txertoz babestuta, birus gaiztoak lapurturiko bizimodua erreklamatzera bueltatu gara. Bizitzari bete-betean heltzeko irrikaz gatoz denok, berriz, bere detaile txiki guztietan. Eta bada garaia!
2021eko udara hau izango dugu pandemia bortitzaren ondoren bizitza berreskuratzen hasteko aukera. Ez ahaztu, halere, konfinamendu eta arau gogorrenen altxatzea ez dela ardurarik gabe ibiltzeko baimena! Aitzitik, beharturik izan gabe, geure kasa zuhurtziaz eta gizalegez bizitza disfrutatzen ikasi dugun ikusteko unea da. Pasatu gabe ondo pasatzea!
Udararen usainak piztu eta gida beza gure sena, bizitza berriz bete-betean gozatzera!