Iñaki, Arantzazuko predikalari jatorra ez ezik, komunikatzaile nabarmena zen irrati eta telebistan, idazle aparta Arantzazu aldizkarian eta hainbat hedabidetan, musikari eta euskaltzale xaloa, beste askoren artean. Arantzazuren ondare eta esanguraren sustatzaile sutsua izan zen Iñaki gizarte zabalean, Arantzazuko Adiskideen Elkartearen bidez, Elkarrekin bila programaren bitartez, eta Debagoienean bere ebanjelio- oihartzuna hedatuko zuen edozein ekimeni ekinez.
Iñakiren hitz-jario fresko eta agorrezina amaierako gaixoaldiak bakarrik isilarazi zezakeen. Orduan oparitu zizkigun bere berba sakon eta bihotzekoenak, bi hitzezko testamentu xamurra, debagoiendarrontzat bereziki aproposa: "Maitatu Arantzazu!".