... Eta zuek bien bitartean errege, zuen gutizien besaulkietan, zuen iritzi eta argudioen apainduraz, haien aurka orroka, aginpide oro kikilduta. Zer lortuko duzue horrekin, bada? Esango dizuet: ozarkeri eta gogorkeriaz justizia oro apurtzea, zuzenbidea deuseztatzea.
Demagun ordea Erregek zuen bihozgabetasun hau erruki gehiegiz epaituz, erbestera bakarrik zigortuko zaituztela. Nora joango zarete bada, babes bila? Zein herrik, zuen injustizia ezagututa, emango dizue aterpe? Zoazte Frantziara edo Holandara, Alemaniako edozein lurraldetara, Espainia edo Portugalera, zuen aberrira ez beste edozein lekutara, mundu osoan errefuxiatu eta atzerritar!
Han, edonon, zuen zakarkeria bereko jendeak, gorroto eta bortizkeriaz, bizilekua ukatuko dizue lur-azalean, beren armak zuen aurka apuntatuta, zakurrak lez uxatuta, denok Jainkoaren seme, eginkari eta itxura zaretela ahaztuta.
Horra hor gure errefuxiatuen drama, eta zuen giza gabekeria ikaragarria".
(Shakespeareri egotzitako Sir Thomas More (1596) antzezlanetik egokitua)