Voxek eta bere bazkideek demokraziari eginiko beste eraso baten berri izan genuen atzo arratsaldean. Colon plazako hirukoak alderdi politiko independentisten ilegalizazioa eskatzen zuen Voxen ekimena aurrera atera zuen Madrilgo Parlamentuan. Espainiako Estatuan gero eta indar handiagorekin agertzen den kontrarreforma demokratikoaren beste adibide baten aurrean gaude.
Espainiako ultraeskuinari aurre egingo zaion bermea izan dira beti EH Bildu eta bere barruan dauden kultura politiko ezberdinak. Edozein eremutan eta beti faxismoari aurre egin diogu. Gaur hemen dauden gizonak eta emakumeak dira faxismoaren aurkako borroka horren eredu nagusiak. EH Bilduren DNA beti izan da eta beti izango da antifaxista eta subiranista.
Ondo ezagutzen ditugu eta badakigu zer egiteko gai diren. Atzo, Voxek eta bere bazkideek beraien elkarlanean beste urrats bat egin zuten, alderdi independentisten ilegalizazioa aldarrikatzeko. Ez da egiten duten lehen aldia. Beraien mehatxuak ere gauzatu dituzte, gaur EH Bilduren barruan dagoen kultura politiko bat ilegalizatuta.
Espainiako Estatuan Vox da agenda politikoa zehazten duena. Abascalen batuta da Espainiako eskuinen orkestra zuzentzen duena. Voxek eta Abascalek jarritako musikarekin egiten dute dantza. Subiranisten batasunak eta elkarlanak bakarrik ken diezaieke batuta Abascali eta Voxi, Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren esku uzteko.
Faxismoari aurre egiteko beste aukera bat dauka euskal gizarteak igandeko hauteskundeetan. Voxek eta bere bazkideek alderdi independentistei egindako ilegalizazio mehatxuei erantzuteko aukera daukate euskal herritarrek igandean, hautetsontziak boto subiranistekin eta independentistekin beteta, EH Bilduren botoekin.
----------
Juan Ramon Garai
Kongresurako hautagaia
Arrasate